Txaro Iturralde Sáenz de Vicuña
Txaro Iturralde Sáenz de Vicuña | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Gasteiz, 1952 (71/72 urte) |
Herrialdea | Araba, Euskal Herria |
Jarduerak | |
Jarduerak | jostuna |
Txaro Iturralde Sáenz de Vicuña (Gasteiz, Araba, 1952) jostuna da.[1]Gasteizko Udaleko jostuna izan da 40 urtez[2]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
Gaztetatik gustatu zitzaion jostea Txarori. Joskintza ikasi zuen, baita titulazioa lortu ere. Behin ofizioa ikasita etxean akademia bat sortu zuen, baina konturatu zen irakastea ez zela bere arloa. Ondoren partikularrentzat josten hasi zen, eta, Gasteizko Indarra dantza taldean lan txiki batzuk egin zituen. Horretan, Gasteizko Udaleko Kultura Saileko deia jaso zuen, erraldoien arropez arduratuko ote zen galdetzeko.
Erakargarria egin zitzaion proposamena eta heldu egin zion. 1982an hasi eta 4 hamarkada eman ditu zeregin horretan. Lehenik laguntzaile gisa eta gero Udaleko langile ofizial lanpostuan. Jaiekin zerikusia zuen guztiaz arduratzen zen, erraldoien jantziez eta Errege Magoen desfileaz. Dedikazio handia eskatzen zuen, baina asko gozatzen zuen bere ibilbidean zehar.
Joskintzan urte luzez eskarmentua izan duen artisaua bilakatu da. Haren berezko sormenari eta trebetasunari esker, kultura eta tradizioa babesteko eta berritzeko prozesuetan parte hartu du. Jubilatu ondoren ere ez ditu joskintza eta sormenaren mundua baztertu, eta ingurukoekin eta kultur arloko eragileekin parte hartzen jarraitzen du. Txaroren esanetan jostea lan bat ez ezik, artea ere bada.
Erraldoiak, Gargantua, buruhandiak, Zeledon, Errege Magoen morroiak, Gasteizko Ibiltaria eta beste hainbeste jantzi ditu Txarok.
Ez dut neure burua irudikatzen esku artean josteko ezer gabe; beti izan dut behar hori.
Lan egin zuen urteetan, jaietan beti eramaten zuen josteko kita poltsan, zer gerta ere.[2]
Bere azken lana Gargantua janztea izan zen 2023an. Ez zen lan erraza, baina Mila Lastra eta bien artean egin zuten.[3]Gargantuaren jantzia artelan bat da berez, 10 metroko oihala behar izan zuen prakak egiteko eta zortzi metro eta erdi alkandorarako. Xehetasun bakoitza kontu handiz egina 100 urte bete zituen erraldoiak jaiegunetan zehar bizia har zezan.[4][5][6]
Txarok hitzaldiak ere eman izan ditu bere ibilbidean zehar. 2020an 'Entre telas' izenekoa, Urrezko Zeledonen X. hitzaldi-zikloaren barruan. Hainbat jai-irudik, hala nola erraldoiek, buruhandiek, Gargantuak edo Zeledonek, erabiltzen dituzten jantziei buruzko azalpenak eman zituen.[7][8]
Jubilatu zenean Mila Lastrak hartu zuen lekukoa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ ««Ez dut neure burua irudikatzen esku artean josteko ezer gabe; beti izan dut behar hori»» Berria 2024-12-08 (Noiz kontsultatua: 2024-12-09).
- ↑ a b Pariza, Sara López de. (2023-07-28). ««En fiestas llevo siempre el kit de costura en el bolso por lo que pueda pasar»» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-12-09).
- ↑ Álvarez, Erika. (2023-08-14). «Txaro Iturralde: 40 años vistiendo la cultura vitoriana» Gasteiz Hoy (Noiz kontsultatua: 2024-12-09).
- ↑ «Gargantua cumple 100 años; «Es un trabajo que lleva mucho tiempo y es complicado» - GasteizBerri.com» https://gasteizberri.com/ 2023-07-27 (Noiz kontsultatua: 2024-12-09).
- ↑ El Gargantúa estrena ropa nueva por su centenario « Notas de prensa. (Noiz kontsultatua: 2024-12-09).
- ↑ El Gargantúa estrena ropa nueva por su centenario « Notas de prensa. (Noiz kontsultatua: 2024-12-09).
- ↑ Correo, El. (2020-09-28). «"Entre telas"» agenda.elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-09).
- ↑ Zeledonak, Celedones De Oro-Urrezko. (jueves, 24 de septiembre de 2020). «CELEDONES DE ORO - URREZKO ZELEDONAK: TXARO ITURRALDE: ENTRE -TELAS» CELEDONES DE ORO - URREZKO ZELEDONAK (Noiz kontsultatua: 2024-12-09).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Txaro Iturralderen hitzaldia YouTube, 2022