Wikipedia, Entziklopedia askea

Astrid Lindgren

👶
Jaiotza
1907ko azaroaren 14a
Vimmerby eta Vimmerby Parish (en) Itzuli
💀
Heriotza
2002ko urtarrilaren 28a
Stockholm eta Gustav Vasa parish (en) Itzuli
🔨
Lanbidea
gidoilari
📷
Argazkiak
ikusi
Idazlea, 1924ko argazki batean.

Astrid Lindgren suediar idazle bat izan zen, haurrentzako liburu asko idatzi zituena. Pippi Kaltzaluze da haren pertsonaiarik ezagunenetako bat.

Bizitza eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Astrid Lindgren Suedia hegoaldeko Vimmerby izeneko herrian jaio zen 1907an. Ezkondu arteko abizena Ericsson zuen.

Hamasei urte zituela, Vimmerbyko egunkari batean hasi zen lanean. Bi urte geroago, haurdun geratu zen; haurdun utzi zuena egunkariko zuzendaria izan zen, berak baino 30 urte gehiago zituen gizon ezkondua eta zazpi seme-alaba zituena. Garai hartako Suedian, ezkontza haustea legez zigortuta zegoen eta gizona kartzelara joan zitekeen; gizonak dibortziatu eta berarekin ezkonduko zela esan zion, baina Astridek uko egin zion eta Stockholmera joan zen bizitzera.

Ezkondu gabeko emakumea izanda, Suediako legearekin arazorik izan gabe umea eduki ahal izateko, Kopenhagera joan behar izan zuen erditzera, 18 urte besterik ez zituenean. Han, familia batekin utzi behar izan zuen, Stockholmera itzuli ahal izateko lan egitera eta ikastera, umea bisitatzera joateko aurrezten zuen bitartean. Hiru urte geroago, Astridek bere gurasoen ardurapean utzi ahal izan zuen bere semea, berak lan egoera hobea lortzen zuen bitartean. 1928an, idazkari lana lortu zuen eta 1931n Sture Lindgren izeneko bere enpresaburuarekin ezkondu zen, eta harengandik hartu zuen ezkondu-izena. Berarekin Karin izeneko alaba bat izan zuen 1934an.

Astrid gabonetako testuak eta beste istorio labur batzuk idazten hasi zen eta egunkarietara bidaltzen zituen. Alabak zazpi urte zituela pneumonia izan zuen, eta Astridek Pippi Kaltzaluze pertsonaia asmatu zuen alaba entretenitzeko, ohean gaixo zegoen bitartean.

Urteak igaro ziren, eta Astridek Pippi Kaltzaluzeren istorio batzuk idatzi zituen Karini bere hamargarren urtebetetze egunean oparitzeko, 1944. urtean. Idazlana Suediako argitaletxe batera bidali zuen, baina ez zioten argitaratu nahi izan. Dena dela, hurrengo urtean, beste literatura-lan batzuekin sariak irabazten hasi zenean, argitaletxe hark bai onartu zion Pippi Kaltzaluzeri buruzko liburua argitaratzea. Liburu hau, gaur egun, 106 hizkuntzatara itzulita dago, tartean euskarara ere, eta Lindgren haur eta gazte literaturako idazlerik irakurrienen artean dago, Enid Blyton, Hans Christian Andersen eta Grimm anaiekin batera.

Sari ugari eman zizkioten bizitzan zehar. 1958an Hans Christian Andersen saria jaso zuen, haur eta gazte literaturako nazioarteko saririk ospetsuena. 1973an, Lewis Carroll Shelf Award Saria, eta 1993an, berriz, UNESCOren Nazioarteko Liburu Saria.

2002ko urtarrilaren 28an hil zen Stockholmen, 94 urterekin. Urte hartan bertan, idazlearen omenez, Suediako gobernuak Astrid Lindgren Saria sortu zuen haur eta gazte literatura alorreko liburuetarako.

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien eta teoria feministen defendatzaile handia izanik, jarrera hori oso argi ikusten da haren libururik ezagunenean, Pippi Kaltzaluzeren liburu-sortan. Pertsonaia honekin, hiru libururen sorta nagusi bat idatzi zuen:

  • 1945ean, Pippi Långstrump (Pippi Kaltzaluze, euskarazko itzulpenean).
  • 1946an, Pippi Långstrump går ombord (Pippi Kaltzaluze itsasorako asmotan, euskaraz).
  • 1948an, Pippi Långstrump i Söderhavet (euskaratu gabe).

Baina gero beste hainbat liburu motzago ere idatzi zituen, pertsonaia berberarekin. Geroago, beste lan batzuk ere argitaratu zituen, haur eta helduen arteko harremanari buruzko hausnarketa sakonekin eta, orobat, norberaren beldurren eta heriotzaren onarpenari buruz ere.