Wikipedia, Entziklopedia askea

Babelgo dorrea (Bibliako istorioa)

Pieter Bruegel Zaharraren Babelgo dorrea margolana.
Genesi 11-7: "Jaitsi eta nahas diezaiegun, bada, hizkuntza, elkar uler ez dezaten"...

Babelgo dorrearen istorioak munduan zergatik dauden hainbeste hizkuntza azaltzen duen mito edo kondaira bat da. Bibliako lehen liburuan irakur daiteke istorio edo ipuin hau. Bibliak istorioa oso modu laburrean kontatzen du, 9 bertset besterik ez dira erabiliko Bibliako lehen liburuan, Hasiera edo Genesia izena duen liburuan.

Kopiatuko dugu hona Elizen Arteko Bibliatik euskarazko bertsio bat:

« Babelgo dorrea

1 Garai hartan mundu guztiak hizkuntza eta mintzaira berberak zituen. 2 Ekialdetik etorririk, gizonek lautada bat aurkitu zuten Xinear lurraldean eta bertan kokatu ziren. 3 Honela esan zioten elkarri: «Ea, adreiluak egin eta sutan erre ditzagun». Honela, harriaren ordez adreilua erabili zuten eta kare-orearen ordez bikea. 4 Gero, esan zuten: «Ea, eraiki ditzagun hiri bat eta zerurainoko dorre bat. Ospetsu egingo gara eta ez gara munduan zehar barreiatuko».

5 Jaitsi zen Jauna gizasemeak eraikitzen ari ziren hiria eta dorrea ikustera, 6 eta esan zuen: «Hara, guztiak herri bat bera dira, hizkuntza bat berekoak. Hau beren lehenengo lana badute, ez zaie aurrerantzean egin nahiko duten ezer ezinezko gertatuko. 7 Jaitsi eta nahas diezaiegun, bada, hizkuntza, elkar uler ez dezaten».

8 Horrela, Jaunak handik bota eta mundu zabalean sakabanatu zituen; hiria eraikitzeari utzi egin behar izan zioten. 9 Horregatik, Babel —hau da, «Nahasketa»—, eman zioten izena, han nahasi baitzuen Jaunak mundu osoko hizkuntza eta handik sakabanatu baitzituen mundu zabalera.

»

Elizen Arteko Biblia. HASIERA 11.(1-9)