Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Uholde Handiari buruzko margolana

Uholde Handia Biblian agertzen den istorio oso zahar bat da, Genesiaren liburuan hain zuzen, baina beste kultura eta erlijioetako mito eta kondaira batzuetan ere agertzen da. Istorio honen arabera, duela denbora asko eta asko, Lur guztia estali zuen uholde handi bat izan zen.

Bibliak dioenez, hasiera-hasieran, Jainkoak mundua eta pertsonak sortu zituen. Denboraren poderioz, pertsonak oso jokaera txarra izaten hasi ziren. Berekoiak eta zakarrak ziren, eta gauza txarrak egiten zituzten. Jainkoa asko tristatu eta haserretu zen gizakien jokaera ikusita, eta hainbesteko maltzurkeria desagerrarazteko zerbait egin behar zuela erabaki zuen.

Orduan, Jainkoak Noe izeneko gizon bat aukeratu zuen, zintzoa eta zuzena zelako. Noeri Lurreko maltzurkeria guztia desagerrarazteko uholde handi bat sortuko zuela kontatu zion. Baina Noe pertsona ona zenez, Jainkoak salbatu egin nahi zituen hura eta haren familia. Animaliak ere bizirik ateratzea nahi zuen, Lurrean bizitzen jarrai zezaten uholdearen ostean.

Jainkoak Noeri zehatz-mehatz azaldu zion ontzi erraldoi bat nola eraiki. Noek egurrez eraiki behar zuen ontziak oso handia izan behar zuen, bera, bere familia eta espezie bakoitzeko bi animalia (ar bat eta eme bat) kabitzeko adina. Noe buru-belarri aritu zen lanean denbora asko ontzia eraikitzen, Jainkoaren argibideak jarraituz.

Ontzia prest zegoenean, Noe, familia eta animaliak barrura sartu ziren. Orduan, barra-barra hasi zen euria egiten, eta horrela jarraitu zuen berrogei egun eta berrogei gau, gelditu gabe. Hainbeste euri egin zuenez, urak mendi garaienak ere estali egin zituen, eta Lur guztia ur azpian geratu zen. Ontzian ez zeuden izaki bizidun guztiak hil egin ziren uholdean.

Berrogei egun eta berrogei gau horien ondoren, atertu egin zuen azkenean. Baina Lurra urez estalia zegoen oraindik, eta Noek eta ontzian zeuden gainerakoek denbora asko egon behar izan zuten uraren maila jaisteko zain. Noek hegaztiak bidaltzen zituen ontzitik lur idor bila. Hasieran, bele bat bidali zuen, baina ez zuen ezer aurkitu. Ondoren, uso bat bidali zuen, baina honek ere, hasieran, ez zuen ezer aurkitu. Azkenean, egun batean, usoa mokoan olibondo adaxka bat zuela itzuli zen. Horrek esan nahi zuen lur idorra aurkitu zuela, eta landareak hasi zirela berriz hazten.

Halako batean, Lurra guztiz lehortu zenean, Jainkoak Noeri esan zion irten zitekeela ontzitik familiarekin eta animaliekin. Jainkoak hitzeman egin zion Noeri inoiz gehiago ez zuela Lurra suntzitzeko uholderik sortuko. Hitzemate hori irudikatzeko, Jainkoak ostadar bat sortu zuen zeruan. Ostadarra ikusten dugun bakoitzean, hitzemate horren oroigarri da.

Zein da kontakizun honen esanahia?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uholde Handiaren istorioak hainbat irakaspen garrantzitsu ditu. Noe bezala, zintzoak eta zuzenak izan behar dugula irakasten digu. Gure ekintzek ondorioak dituztela gogorarazteko ere balio du, eta mundua eta bertan bizi diren gainontzeko izaki bizidunak ongi zaindu behar ditugula. Gainera, erronka handien aurrean gaudenean ere itxaropena eta berriz hutsetik hasteko aukerak beti daudela azaltzen digu.

Benetan gertatu al zen Uholde Handia?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona askok beren fede edo erlijioagatik historia honetan sinesten duten arren, zientzialariek ez dute frogarik aurkitu halako uholde handirik benetan planeta osoan gertatu dela esateko.

Hala ere, zientzialariek uste dute iraganean uholde handiak izan zirela munduko hainbat lekutan. Uholde horiek hain garrantzitsuak izan zitezkeen garai hartako pertsonentzat, non haiei buruzko istorioak kontatu baitzituzten; horregatik, istorio horiek belaunaldiz belaunaldi transmitituz joan ziren, Uholde Unibertsalaren moduko kontakizun bihurtzeraino.

Beraz, Lur osoa estaltzen duen uholde baten frogarik ez dagoen arren, litekeena da Uholde Unibertsalaren historia munduko toki batzuetan benetan gertatu ziren uholde oso handietan oinarritzea.