Wikipedia, Entziklopedia askea

Banku

Bilboko banku bat

Bankua dirua maileguz eman eta hartzen duen enpresa bat da. Maileguz hartzen duen dirua bezeroek bankuan utzitako dirua da; bezeroek beren aurrezkiak bankuan uzten dituzte segurtasunagatik eta interesen truke (bankuek bezeroei dirua ordaintzen diete dirua bankuan uzteagatik). Bestalde, bankuek dirua mailegatzen diete behar duten bezeroei, eta bezero hauek interes bat ordaindu behar izaten diote bankuari mailegu horren truke (dirua erosteagatik ordainduko balute bezala da, hasieran mailegatutako diru guztia itzultzen duten bitartean ordaintzen dutena, hilero egindako ordainketa txikietan). Bankuek dirua irabazten dute mailegu-eskatzaileei kobratzen dizkieten interesak handiagoak direlako bankuan aurrezkiak utzi dituzten bezeroei ordaintzen dizkietenak baino.

Gaur egun, bankuek beste gauza asko ere egiten dituzte: batzuek aseguruak saltzen dituzte, zergekin laguntzen dute eta hainbat inbertsio kudeatzen dituzte (akzio eta bonuetako inbertsioak, adibidez). Banku askok kreditu-txartelak ematen dituzte, eta hilero fakturak bidaltzen dizkiete txartel horiek erabiltzen dituztenei, ordaintzeko. Bankuek kutxazain automatikoak ere badituzte. Bezeroek beren banku-kontuetatik dirua ateratzeko edo haietara dirua sartzeko erabili ditzakete kutxazain automatikoak.

Zer da banku-kontu bat?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banku batean dirua gordeta duten pertsonek banku-kontu bat dute. Kontu korrontea banku-kontu mota bat da. Kontu korronte bat dutenek txekeak atera ditzakete gauzak ordaintzeko. Txeke bat bankuari emandako agindu bat da, dirua norbaiten kontutik beste norbaiten kontura pasatzeko. Kreditu-txartel izeneko plastikozko txartelak ere erabili daitezke kontu korronteko diruarekin gauzak ordaintzeko. Kontu korronteek oso interes txikia ematen diote bezeroari. Dirua erabiltzeko eta ordainketak egiteko modu segurua eta erosoa delako erabiltzen dira.

Beste banku-kontu mota bat aurrezki kontua da. Interesak irabazteko asmoarekin gordetzen da dirua aurrezki kontuetan. Bankuek interes jakin bat ordainduko diete bezeroei aurrezki kontuan gordeta duten diruaren truke.

Bankuek beren banku-kontuetan duten diruaren zati txiki bat bakarrik gordetzen dute eskudirutan, hau da, billete eta txanponetan. Diruaren zati gehiena beste bezero batzuei mailegatzen diete eta inbertsioak egiteko erabiltzen dute.

Zer da mailegu bat?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonek eta enpresek dirua maileguz eskatzen diete bankuei, etxe bat edo auto bat erosteko, adibidez. Eskatzen duten diru hori da mailegua. Mailegu horren truke interesak ordaindu behar izaten dizkiote bankuari, orokorrean, hilero egindako ordainketetan. Ordainketa horietan dirua pixkanaka ordaintzen joaten dira, hasieran eskatutako mailegu osoa eta interes guztiak ordaintzera iritsi arte. Diru asko eskatu behar baduzu maileguz (etxe bat erosteko, adibidez) bankuek berme bat eskatzen dute (etxe hori bera edo auto bat ere izan daiteke). Honela, bankuak bere dirua berreskuratuko duela ziurtatzen du, bezeroak mailegua itzultzen ez badio ere. Izan ere, mailegua eskatu duenak diru hori itzultzen ez badu, bankuak eskatzaileari ondasun hori kendu ahal izango dio.