Basabizitzaren deia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ingelesezko lehen edizioaren azala.

Basabizitzaren deia (ingelesez, The call of the wild) txakur bati buruzko eleberri bat da, Jack London izeneko idazle estatubatuarrak idatzi zuena. 1903an kapituluka argitaratu zen lehenbizikoz Saturday Evening Post egunkarian, eta beranduago liburu gisa kaleratu zen. Londonen liburuen artean irakurriena eta bere lanik hoberenetako bat da.

Eleberrian, Buck izeneko txakur baten istorioa kontatzen da. Txakurra bere Kaliforniako etxetik lapurtzen dute. Lera-txakur bezala saltzen dute, Alaskako urrearen industrian lan egiteko. Gizakiek, beste animaliek eta naturak berak oso gaizki tratatzen dute Buck. Haren arbasoak otsoak ziren, eta haien bizimodura egokituz lortzen du bizirik irautea ingurune gogorrean. Liburuaren amaieran gizakiekin kontaktua izateari uzten dio eta naturara itzultzen da.

Gaur egun, liburua haurrentzat dela uste dute askok, txakur bat delako protagonista; baina liburu honetan adin guztietako jendeari interesatzen zaizkion gaiak jorratzen dira, esaterako, biziraupena, erabakitzeko aukera, baita gizakien eta naturaren arteko borroka ere. Hainbat pelikula oinarritu dira eleberri honetan, baina horietan protagonista ez da Buck, gizakiak baizik.

Liburua lehenbizikoz 1979an itzuli zen euskarara Oihanaren deia izenburuarekin; Hordago argitaletxeak argitaratu zuen eta Guillermo Etxeberria izan zen itzultzailea. 2014an beste bertsio bat argitaratu zuen Vicens Vives argitaletxeak, eta Josu Zabaleta izan zen itzultzailea. Euskadi Irakurketa Erraza elkarteak euskara errazean idatzitako bertsioa argitaratu zuen 2019an.