Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
II. Mundu Gerra Europan.
██ Aliatuak ██ Sobietar Batasuna ██ Ardatza ██ Herrialde neutralak

Bigarren Mundu Gerra 1939ko irailaren 1etik hasita 1945eko irailaren 2ra arte egon zen gerra edo gatazka armatu handi bat izan zen; Europa, Afrika eta Asian gertatu zen eta 70 herrialdek baino gehiagok hartu zuten bertan parte, eta ez bakarrik kontinente horietakoek, Amerika eta Ozeaniako herrialde batzuek ere hartu baitzuten parte. Nagusiki, herrialde horiek denak bi aliantza militarretan banatu ziren:

Historiako gerrarik handiena izan zen, milioika militar mobilizatu zituen eta beste edozein gerratan baino jende gehiago hil zen: hildakoen zenbaki zehatzak jakiterik ez dago, baina adituen ustez, 40 eta 50 milioi pertsona artean hil ziren, gehienak zibilak (hau da, soldaduak ez); haietako 6 milioi baino gehiago Holokaustoaren biktimak izan ziren, hots, naziek beste arraza batzuetako pertsonak eta, bereziki, juduak hiltzeko zuten planaren biktimak. Arma nuklearrak erabili diren gerra bakarra izan da.

Zergatik gertatu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra piztu baino lehenago, 1930eko hamarkadan zehar, Japoniak, Italiak eta Alemaniak gerra ekintza batzuk egin zituzten. Japoniak Txinako lurralde batzuen inbasioa hasi zuen 1931n, Asiako britainiar eta holandar koloniak ere inbaditu zituen, eta geroago, Estatu Batuetako Pearl Harbor portua eraso zuen Hawaiin. Italiak, Benito Mussoliniren Alderdi Faxista aginteaz jabetu zenean, Etiopiaren ekialdeko zati bat konkistatu zuen 1935ean. Alemanian, Adolf Hitlerrek eta bere alderdi naziak Europako hainbat lurralde okupatzeko planak zituzten eta, horrela, 1938ko martxoan, alemaniar tropak Austriara sartu eta herrialde hori anexionatu egin zuten.

Hitlerrek Txekoslovakiako zati bat ere nahi zuen, alemanieradun biztanleria zuen lurraldea. Britainia Handiak eta Frantziak onartu egin zioten, bakearen izenean; hartara, Hitler asetzea espero zuten, eskaera gehiago egin ez zezan. Baina usteak erdia ustel: sei hilabeteren buruan, Alemaniak Txekoslovakia osoaz jabetu zen.

Hitlerrek Poloniaren kontrola hartzea pentsatu zuen gero. Britainia Handiak eta Frantziak Poloniari lagunduko ziotela agindu zuten, Alemaniaren erasoa gertatu gero. Alemania gerrarako prestatu zen, Sobietar Batasunarekin bake-itun bat eginez 1939ko abuztuan; izan ere, Alemaniak ez zuen Britainia Handiaren, Frantziaren eta Sobiet Batasunaren aurka borrokatu nahi aldi berean.

Gerraren hasiera Europan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soldadu alemaniarrak Poloniako muga-hesi bat hausten 1939ko irailaren 1ean.

1939ko irailaren 1ean, Alemaniak Polonia inbaditu zuen, eta inbasio horrek ekarri zuen Bigarren Mundu Gerraren hasiera. Alemaniarrek eraso mota berri bat erabili zuten Polonia inbaditzeko: Blitzkrieg edo "Tximista Gerra" deitu zioten, oso eraso azkarra egin zutelako, abiadura handiko tankeak eta hegazkinak erabiliz, etsaia ahalik eta azkarren amore ematera behartzeko.

Inbasio horren ondoren, irailaren 3an, Britainia Handiak eta Frantziak gerra deklaratu zioten Alemaniari, baina ez zuten Poloniari laguntzeko troparik bidali. Varsovia irailaren 27an erori zen, eta azken tropa poloniarrak urriaren 6an errenditu ziren.

Bestalde, Sobietar Batasunak ere Poloniari eraso zion ekialdetik irailaren 17an. Alemaniak eta Sobietar Batasunak ituna egina zuten, Polonia bien artean zatitzeko. Sobietar Batasunak Letonia, Lituania, Estonia eta Finlandia ere inbaditu zituen 1939an, baita Errumaniako lurralde batzuk ere 1940an.

1940ko apiril eta ekaina bitartean, alemaniarrak Norvegia eta Danimarkaz jabetu ziren. Maiatzean, Herbehereetara, Belgikara eta Luxenburgora ere sartu ziren.

1940ko maiatzean, alemaniarren lehen tropak sartu ziren Frantzian eta nahiko azkar okupatu zuten Frantziako iparralde guztia, Mantxako kanalera iritsi arte. Ekainaren 14rako, alemaniarrak Parisen sartu ziren, Frantziako hiriburuan.

Soldadu naziak Parisen desfilatzen.

Ekainaren 22an, Frantziak eta Alemaniak armistizioa sinatu zuten, eta Frantziak onartu egin zuen alemaniarrei beren herrialdearen zatirik handiena gobernatzen uztea. Horrela, herrialdea bi zatitan banatuta geratu zen: iparraldea eta mendebaldeko kostaldea Alemaniaren mende, eta gainontzeko guztia Philippe Petain mariskalak zuzentzen zuen Vichyko Gobernu kolaboratzailearen esku. Hala ere, frantziar askok alemaniarren aurka borrokan jarraitu zuten. Frantziar askeak deitu zitzaien. Charles de Gaulleren aginduak jasotzen zituzten. De Gaulleren kuartel nagusia Britainia Handian zegoen.

Frantzia alemaniarren mende erortzen zen bitartean, Italiak gerra deklaratu zien Frantziari eta Britainia Handiari. 1940ko ekainaren 10ean, Italia gerran sartu zen, Ardatzaren potentzia bat bezala.

Hitlerren hurrengo helburua Britainia Handia zen. Frantzia garaitu ondoren, Hitlerrek uste zuen Erresuma Batua ere laster errendituko zela, baina gobernu britainiarrak, Winston Churchill buru zuela, borrokatzen jarraitzea erabaki zuen. 1940ko ekainetik aurrera, Alemaniako gerra-hegazkinak Britainia Handia bonbardatzen hasi ziren inbasioa prestatzeko. Britainiarrek, ordea, radar izeneko asmakizun berria zuten; radarrari esker, britainiarrek bazekiten hegazkin alemaniarrak noiz hurbiltzen ziren. Britainiarrarrek pilotu gutxiago eduki arren, alemaniarren aire-erasoa geldiarazi ahal izan zuten, beren borroka-hegazkinek erasotzaile asko eraitsi zituztelako. Bataila hau, "Ingalaterrako bataila" deitua, airean libratu zen munduko lehen gudu handia izan zen.

Hori ikusirik, alemaniarrek laster erabaki zuten Britainia Handia ez inbaditzea. Horren ordez, bonba gehiago jaurti zituzten Londres eta beste hiri batzuetara 1941eko maiatzera arte. Hala ere, britainiarrek azkenik Mantxako kanala kontrolatzea lortu zuten eta alemaniarren inbasioa bertan behera geratu zen.

Ipar Afrikako kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrika iparraldean, Italiak Egiptoko kolonia britainiarrari eroasi zion 1940ko udazkenean. Suezko kanala kontrolatu nahi zuten, Mediterraneo itsasoa Itsaso Gorriarekin eta Indiako Ozeanoarekin lotzen zuelako. Britainiarrek, ordea, atzera eginarazi zieten italiarrei.

Italiako armadaren porrotaren ondorioz, Hitlerrek errefortzuak bidali behar izan zituen ipar Afrikara. Otsailean, lehenengo tropa alemaniarrak iritsi ziren Libiara, Erwin Rommel jeneralaren agindupean: Afrika Korps izenarekin ezagutzen dira tropa hauek. Hasieran, aliatuen erasoei eusteko agindua baino ez zeukan Rommelek; baina erresistentzia ahula jaso zuela ikusita, erasoari ekin zion, eta britainiarrak Egiptoko mugaraino bultzatu zituen. 1942an, ordea, britainiar indarrek azkenean lortu zuten Rommel gelditzea Egiptoko El-Alamein aldean izandako bi batailatan. Urte haren bukaerarako, britainiarrek galdutako lurralde osoa berreskuratu eta alemaniarrak Egiptotik bota zituzten.

Balkanetako kanpaina eta Sobietar Batasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sobietar soldaduak Stalingradeko batailan.

Hitlerrek Sobietar Batasunari eraso nahi zion, baina, hori baino lehen, iruditzen zitzaion Europako hegoalde osoa menderatzea ezinbestekoa zela. Horretarako, Italia eta Greziaren arteko gatazka bukatu behar zen.

1940-41 bitarteko neguan, alemaniarrek Hungaria, Errumania, Bulgaria eta Jugoslaviako gobernuekin negoziatu zuten Ardatzeko potentziekin bat egiteko. 1941eko martxoaren 27an, ordea, Jugoslavian Ardatzaren aurkako estatu-kolpe bat burutu zen, eta, horregatik, Greziaz gain Jugoslavia ere jarri zuten naziek beren jomugan.

1941eko apirilean, tropa alemaniarrek, italiarrekin eta hungariarrekin batera, Jugoslavia eta Greziaren kontra egin zuten. Greziak britainiarren laguntza izan bazuen ere, Ardatzaren aurrerakada geldiezina izan zen. Jugoslavian, gainera, erresistentzia ez zen oso gogorra izan; Belgrad hiriburua apirilaren 12an hartu zuten eta herrialdea apirilaren 17an errenditu zen. Grezian ere, Ardatzaren erasoa azkarra eta eraginkorra izan zen. Hilaren bukaerarako, nazien menpe zegoen jada.

Alemaniarren garaipena bizkorra eta zalantzarik gabekoa izan arren, Balkanetako kanpainak bost astez atzeratu zuen Bizargorri Operazioa, Sobietar Batasunaren inbasioa alegia. 1941eko ekainaren 22an hasi zen Sobietar Batasunaren kontrako erasoa. Sobietar Batasunak aliatuekin bat egin zuen handik gutxira. Sobietarrek Moskuko eta Leningradoko (orain San Petersburgo) mugetan gerarazi zuten alemaniarren inbasioa.

1942an Hitlerrek Stalingrad (gaurko Volgogrado) hiria hartzea erabaki zuen. Stalingradoko borroka Bigarren Mundu Gerrako batailarik handiena izan zen, eta ia 2 milioi soldadu inguru hil ziren bi aldeetan. Alemaniarrak 1943ko urtarrilean errenditu ziren. Stalingradoren ondoren, sobietarrek pixkanaka kanporatu zituzten alemaniarrak.

Gerra Asian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torpedo-hegazkin japoniar bat erasoan.

Gerra Europako lurralde gehienetara eta Europak Afrikan zituen kolonietara zabaldu ondoren, mundu osora hedatu zen gerra, bereziki Asiako ekialdera eta Ozeano Barera, eta Ameriketako Estatu Batuak ere sartu ziren gerran.

Britainia Handiak, Frantziak eta Herbehereek uharte asko gobernatzen zituzten Ozeano Barean, bai eta Asiako hego-ekialdeko zati handi bat ere. Herrialde horiek gerran egonda, Japoniak aukera handi bat ikusi zuen euren koloniak kentzeko. Japoniarrak Frantziako Indotxina (orain Laos, Kanbodia eta Vietnam) okupatzen hasi ziren 1940 eta 1941ean.

Bestalde, 1941eko abenduaren 7ko goizean, Japoniako gerra-hegazkinek AEBetako gerra-ontziak eraso zituzten Pearl Harborreko itsas basean, Hawaiin. Zortzi korazatu handi hondoratu edo txikitu zituzten, 180 hegazkin baino gehiago suntsitu eta 2.000 estatubatuar baino gehiago hil zituzten. Pearl Harborreko erasoak gerran sarrarazi zituen AEBak. Handik egun gutxira, AEBak ere gerran zeuden Alemania eta Italiaren aurka.

Japoniak Filipinetako uharteak ere bonbardatu zituen, AEBen esku baitzeuden. Estatubatuar eta filipinar indarrek aurre egin zieten arren, japoniarrek garaitu zituzten azkenik eta Filipinak 1942ko maiatzean errenditu ziren. Japoniak Singapur, Holandako Indiak (orain Indonesia) eta Birmania (orain Myanmar) ere konkistatu zituen.

Japoniarren garaipenak Koral itsasoko eta Midwayko batailetan hasi ziren bukatzen. Koralaren itsasoan, Australiatik gertu, Japoniaren eraso bat gelditu zuten aliatuek Ginea Berriko uhartean, 1942ko maiatzean. Ekainean, Ipar Ozeano Bareko Midway uharte txikitik gertu, AEBetako hegazkinek Japoniako itsasontzi asko suntsitu zituzten. Hala ere, Japoniak oraindik eremu zabal bat kontrolatzen zuen.

Gerraren bukaera Europan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

D eguneko lehorreratze aliatua Normandian.

1942ko azaroan, aliatuek Marokon eta Aljerian lehorreratu ziren Afrika iparraldean. Alemaniar eta italiar indarrak garaitu zituzten 1943ko maiatzean. Horren ondoren, aliatuek Italia inbaditu zuten; handik gutxira, erresistentzia italiarrak Mussolini garaitu zuen eta Italia faxista 1943ko irailean errenditu zen. Hala ere, Alemaniako tropek jarraitzen zuten herrialdearen zatirik handiena mantentzen. Borroka ugariren ondoren, aliatuek Erroma hartu zuten 1944ko ekainaren 4an. Italia osoaz jabetu zirenean, fronte bat ireki zuten Europa hegoaldean naziei erasotzeko.

Aliatuen buruzagiek garbi zuten bigarren fronte bat ireki behar zutela naziak garaitzeko. 1944ko ekainaren 6an (D eguna delakoan), Estatu Batuetako, Britainia Handiko eta Kanadako 156.000 soldaduk Normandiako hondartzak eraso zituzten Frantzia iparraldean. Borroka bortitz baten ondoren, armada aliatuak barrurantz joan ziren. Abuztuaren 25ean askatu zuten Paris.

Hortik aurrera, Aliatuak Alemaniarantz hurbildu ziren. Aurrerapen hori gelditzeko, alemaniarrek azken erasoa egin zieten aliatuei 1944ko abenduan, Ardenetan, baina bataila galdu zuten urtarrilean. 1945eko martxoan aliatuak, azkar abiatu ziren Alemaniaren mendebalderantz.

1945eko otsailerako, argi zegoen Alemaniak gerra galduko zuela. Buruzagi aliatuak -Franklin Delano Roosevelt AEBetako presidentea, Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministroa eta Iosif Stalin- Yaltan bildu ziren, oraingo Ukrainan. Han, gerra osteko Europarako planak egin zituzten.

Bitartean, tropa sobietarrek Alemania zeharkatu zuten ekialdetik. Apirilaren 25erako, sobietarrek Berlin inguratu zuten. Hitlerrek bere burua hil zuen apirilaren 30ean. Alemania 1945eko maiatzaren 8ko gauerdian errenditu zen.

Gerraren bukaera Asian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiroshima eta Nagasakiko bonba atomikoak.

Ozeano Barean, tropa estatubatuarrak banan-banan konkistatzen joan ziren japoniarren esku zeuden uharteak, 1943tik aurrera. Horrela, 1944ko uztailean, AEBetako hegazkinak Japonia bonbardatzen hasi ahal izan ziren.

1944ko urrian, Douglas MacArthur jeneral estatubatuarrak zuzendutako soldaduak Filipinetan lurreratu ziren. AEBek 1945eko martxoan konkistatu zuten Filipinetako Manila hiriburua.

Indar estatubatuarrak Iwo Jiman lurreratu ziren 1945eko otsailean eta Okinawan 1945eko apirilean. Bi uharteak Japoniarenak ziren. Okinawako borrokan, japoniar pilotuek kamikaze erasoak egin zituzten, euren hegazkinak AEBetako ontzien aurka nahita jaurtiz. Hala ere, ezin izan zuten eragotzi AEBetako indarrek bi uharteak konkistatzea.

1945ean, Estatu Batuetako zientzialariek bonba atomikoa asmatu zuten, botere handiko arma berria. 1945eko abuztuaren 6an, AEBetako hegazkin batek bonba atomiko bat jaurti zuen Hiroshiman, Japonian. leherketaren eta suteen ondorioz, 70.000 pertsona baino gehiago hil ziren. Hiru egun gerago, abuztuaren 9an, amerikarrek beste bonba atomiko bat jaurti zuten Nagasaki hiriaren gainean. Japonia 1945eko irailaren 2an errenditu zen. Horrek amaiera eman zion gerrari.

Gerraren ondorengo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerraren amaieran, aliatuak euren artean banatu zuten Alemania; ekialdea sobietarren kontrolpean geratu zen, eta mendebaldea, aliatuen kontrolpean. Aliatuek buruzagi naziak zigortu zituzten, Alemaniako Nuremberg hirian epaitu ondoren. Japoniako lehen ministro Tojo Hideki ere zigortu zuten.

Gerra ostean, AEBak eta Sobiet Batasuna izan ziren munduko herrialderik boteretsuenak. Aliatuak izan arren, laster Gerra Hotza izeneko aurkakotasun luzea hasi zuten bi herrialdeek.


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]