Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ceratosaurus

Ceratosaurus baten ustezko irudia.

Ceratosaurus dinosauro haragijale handi bat zen, bere muturreko adar handiengatik ezaguna. Ezaugarri horrek eman zion izen hura, “adardun muskerra” esan nahi baitu. Tamaina txikiagokoa izan arren, Ceratosaurusak bere aurkariaren antza zuen, hau da, Allosaurusaren antza. Teropodoak deituriko dinosauro haragijaleen taldekoa da Ceratosaurusa.

Duela 159-144 milioi urte bizi izan zen, Jurasikoa deituriko garai batean. Afrikan eta Estatu Batuetan aurkitu dira dinosauro horren aztarnak. Allosaurusa bezala, Ceratosaurusa iratze-sabanetan eta landaretza trinkoa zuten uholde-lautada oihantsuetan bizi izan zen. Bertan, landareez elikatzen ziren harrapakinak zituen.

Ceratosaurusa itxura beldurgarria zuen dinosauro bat zen. Atzeko bi hankekin ibiltzen zen. Luzean, 6 metro izan zezakeen, eta 2,5 metroko altuera; gainera, bi tona pisatzen zituen. Muturrean hezurrezko adar bat izateaz gain, begi bakoitzaren gainean hezurrezko gandor bat ere bazuen. Lepo labur baina lodia zuen, buru handia baina arina dinosauroaren tamainarentzat, eta masailezur sendoak eta hortz luze eta zorrotzak. Bizkarrari dagokionez, hezurrezko xafla-ilara batek babesten zuen, lepotik hasita buztan luze eta lodiaren puntaraino. Hezurrezko xafla horiek gaur egungo iguanek dituzten gandor arantzatsuen antza zuten. Ceratosaurusak beso laburrak zituen, baina beste teropodoek ez bezala, atzapardun lau behatz zituen aurreko oinetan, hiru ordez. Atzeko oinetan ere bazituen atzapardun hiru behatz.

Ceratosaurusa dinosauroen munduko abiadura-lasterkari nagusia izan zen. Bere atzeko hanka indartsuak erabiliz, ziztu bizian egiten zuen korrika. Gaitasun horri esker, etsaiak gainditzen zituen eta harrapakinak abiadura handiarekin harrapatu. Zientzialari batzuek uste dute Ceratosaurusa beste dinosauroen gorpuez elikatzen zen sarraskijalea zela. Aurkitutako fosilen arabera, Ceratosaurusak bakarka ehizatzen zuen, taldeetan beharrean. Zientzialari batzuek uste dute Ceratosaurus arrek, ugalketa-garaian, muturretako adarrak erabiltzen zituztela elkarrekin borrokatzeko. Beste batzuek, aldiz, adarra ikuskizun gisa erabiltzen zela esaten dute, ez baitzuen pisu askorik. Beharbada arrek burua igo eta jaisten zuten adarra erakusteko. Fosilen arabera, Ceratosaurus arrak emeak baino handiagoak eta indartsuagoak ziren. Gainera, obiparoak ziren, hau da, arrautzak erruten zituzten.