Wikipedia, Entziklopedia askea

Afrika

Afrika, munduko mapan.

Afrika kontinente bat da. Munduko hirugarren kontinentea, handitasunari begiratzen badiogu: 30 milioi km² baino gehiago ditu; bestela esanda, munduko lurren bostena (15) hartzen du.

Honako mugak ditu: mendebaldean, Ozeano Atlantikoa; ekialdean, Indiako ozeanoa; ipar-ekialdean, Itsaso Gorria; eta iparraldean, Mediterraneo Itsasoa.

Afrikak 1.100 milioi biztanletik gora ditu, munduko biztanleen %20; eta 54 estatutan banatuta dago.

Lurra eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrika, satelitetik egindako argazki batean, kolore naturalekin.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikak oso itxura desberdineko paisaiak eta lurraldeak ditu: mendigune, goi-ordoki eta sakonune ugari ditu; sakonune horietan aurkitzen dira kontinenteko ibai eta aintzira handienak.

Iparraldeko eta mendebaldeko lurraldeak altuera gutxiagokoak eta lauagoak dira hegoaldeko eta ekialdekoak baino. Bestalde, Afrika da kontinenterik zaharrena; horren ondorioz, haren mendiak ez dira beste kontinenteetakoak bezain garaiak, milioika urte daramatzatelako uraren eta haizearen higadura jasaten. Afrikako mendirik altuena Kilimanjaro da (5.895 m), Tanzania izeneko herrialdean.

Kontinentearen ipar-mendebaldean, Europatik hurbileneko zatian, Atlas mendiak daude. Beste mendigune garrantzitsu batzuk Hoggar mendigunea (Aljeriako hegoaldean, Sahara basamortuan), Tibesti mendigunea (Txadeko iparraldean) eta Etiopiako mendigune edo goi-ordokia (Afrikako ekialdean).

Afrikako egitura geologikorik ikusgarrienetako bat Rift Haran Handia da; faila baten ondorioz Afrikako ekialdean sortutako haustura geologiko handi bat da, lur-multzo bat (Rwenzori mendigunea) altxatu eta beste bat hondoratu zuena.

Ibaiak eta aintzirak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rift Haran Handiaren ondorioz sortu ziren Afrikako Aintzira Handiak (Victoria, Malawi, Tanganyika eta Turkana) eta ibai (Nilo, munduko ibairik luzeena, iparralderantz isurtzen dena; eta Zambezi ibaia, hegoaldean, Indiako ozeanorantz isurtzen dena). Beste ibai luze batzuk Kongo eta Niger ibaiak dira, biak ere Atlantikorantz isurtzen direnak, lehenengoa Afrika erdialdean, eta bigarrena ekialdean.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Timbuktu hiria, Malin

Ekuatorea igarotzen da Afrikaren erditik; beraz, kontinentearen zati handi bat bi tropikoen artean kokatuta dago. Ekuatore inguruko behe-lurretan, klima beroa eta hezea izaten du ia urte osoan. Eremu horretatik iparraldera eta hegoaldera, berriz, sasoi euritsuak eta sasoi lehorrak tartekatzen dira. Kantzer tropikoaren mailan, kontinentearen iparraldeko herenean batez ere, klima oso beroa eta lehorra dago, basamortuko klima zehazki: munduan den basamorturik handiena dago bertan, Saharako basamortua, alegia. Gauza bera gertatzen da Kaprikornio tropikoaren inguruan, hegoaldean, Kalahari eta Namib basamortuekin.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizako piramideak, Egipton

Lehen gizakiak kontinente honetan sortu omen ziren, duela milioi bat urte inguru. Kontinentean, hainbat erreinu eta inperio egon ziren haren antzinako historian; munduko zibilizaziorik handienetako bat garatu zen Nilo ibaiaren haraneko beheko lurretan duela 5.000 urte inguru: antzinako Egipto.

Afrikako biztanleek kontaktu ugari izan zituzten beste leku batzuetatik iritsitako botereekin. K.a. VIII. mende aldean, feniziarrak iritsi ziren Ekialde Hurbiletik eta iparraldean kokatu ziren, gaur egungo Tunisian; Kartago izan zen haren hiri nagusia. K.a. I. mendean, erromatarrek menderatu zuten Afrikako iparralde osoa. Geroago, gure aroko VI. mendean, aldiz, Ekialde Hurbiletik etorritako arabiarrak zabaldu ziren kontinentearen iparraldetik.

XV. mendearen erdialdean, europarrak, portugaldarrak batez ere, hasi ziren Afrikako kostaldea kolonizatzen. XIX. mendearen erdialderako, kontinentearen zati handi batez jabetu ziren, Frantzia eta Erresuma Batua gehienbat. Bitarte horretan eta XX. mendera arte, europarrek hainbat biztanle esklabo bihurtu eta Ameriketara eraman zituzten, oso baldintza gogorretan; horregatik daude afrikar jatorriko biztanle asko gaur egun Amerikako leku askotan.

Nairobi, Kenyako hiriburua

Europak kontinenteko aberastasunez jabetzeko ezarri zituen bere koloniak XIX. mendean eta kontinentea euren artean banatu zuten Erresuma Batuak, Frantziak, Portugalek, Belgikak eta Alemaniak batik bat. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, aldiz, Afrikaren deskolonizazioa gertatu zen; hau da, herrialdeek beren independentzia irabazi zuten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

- Afrikako geografia