Txikipedia:Cristóbal Balenciaga
Cristóbal Balenciaga Eizagirre (1895eko urtarrilaren 21a - 1972ko martxoaren 23a) oso moda-sortzaile ospetsu bat izan zen.
Getarian jaio zen (Gipuzkoa). Bere ama jostuna zen, eta amaren ondoan ikasi zuen josten, mutiko zela. Casa Torreseko markesa maiz joaten zen Getariara uda igarotzera, eta Cristóbalen ama aritzen zen haren soinekoak eta abar josten. Batzuetan, Cristóbal ere joaten zen amarekin batera. Orduantxe piztu zitzaion modarekiko zaletasuna. Donostian, Bartzelonan eta Madrilen zabaldu zituen joskintza-tailerrak, baina, Espainian Gerra Zibila lehertu zenean, Parisera joan zen, eta han ere denda bat zabaldu zuen. Sekulako arrakasta lortu zuen.
Oso emakume ospetsuak izan zituen bezero; adibidez, Grace Kelly, Monakoko printzesa; Belgikako Fabiola erregina, eta abar.
Getarian, haren jaioterrian, Cristóbal Balenciaga Museoa dago.