Wikipedia, Entziklopedia askea

Defizit

Eduki-taula

Diru-paper eta txanponak

Defizita, esanahi orokorrean, beharrezkoa dela uste den edo benetan behar den zerbaiten eskasia edo falta da; adibidez, norbaitek "arreta-defizita" duela esaten denean, esan nahi da arreta mantentzeko arazoak izaten dituela.

Ekonomian, ordea, enpresen zein estatuen merkataritza-balantzaz aritzean erabiltzen da gehienbat; kasu horretan, gastuak diru-sarrerak baino handiagoak direla esan nahi du, irabazten dena baino diru gehiago gastatzen dela.

Administrazio publikoan, aurrekontuan ezusteko bat egon dela esateko erabiltzen da "defizit" hitza, administrazioa irabazten duena baino diru gehiago gastatzen ari denean. Defizit publiko kontzeptuarekin, herrialde bateko administrazio publikoetako diru-kontuen balantza negatiboa dela esan nahi da, herrialde mailako administrazioetatik udal mailakoetaraino. Defizit publiko horri aurre egin eta, hala, estatuak behar bezala joateko behar dituen gastuak ordaintzen jarraitzeko, diru-sarrerak nola handitu bilatzen dute administrazioek. Horretarako, hiru aukera nagusi daude:

  • Enpresei eta herritarrei zergak handitzea, nahiz eta ez den haien gustukoa izaten.
  • Sektore publikoko langileen soldatak gutxitzea eta behar ez diren gastu edo zerbitzuak kentzea. Hori dela eta, sektore horretako langileekin arazoak egon daitezke, zerbitzu batzuk besteen gainetik lehenesteagatik.
  • Banku zentralen bati mailegua eskatu eta harekin zorpetzea. Maileguak zorrak direnez gero, ordaindu egin behar dira, eta ordaindu bitartean beste kontuetan gutxiago gastatu ahal izango dute administrazioek.

Herrialdearen diru-egoera zein den jakiteko, esaterako, aurrekontu-defizita nola dagoen, kontabilitate-formulak eta kontabilitate-balantzeak erabiltzen dira. Formula horiek hau dute kontuan: alde batetik, estatuak egin dituen zorrak eta, bestetik, dagoeneko kitatu dituenak. Emaitza ratio batean ematen da eta Barne Produktu Gordinarekiko defizita erakusten du.

"Ordainketa-balantza" deitzen zaio herritarrek atzerriarekin egiten dituzten salerosketak erregistratzen dituen kontabilitate-txostenari. "Saldo" esaten zaio herritarrek erbestean irabazitako diruaren eta ordaindutako diruaren arteko aldeari.

Alde edo saldo hori negatiboa denean, merkataritza-defizita dagoela esaten da. Aitzitik, aldea positiboa bada, superabita dagoela.

Bestalde, defizitarekin erlazionatutako kontzeptu ezinbesteko bat "merkataritza-balantza" da. Termino hori estatu baten inportazio eta esportazioez eta horrekin lotutako ekonomia-balantzeaz mintzatzeko erabiltzen da: inportazio eta esportazioek saldoan eragindakoaz mintzatzeko. Estatuak erbesteari saldutakoa (esportatutakoa alegia) erbesteari erositakoa (inportatutakoa) baino handiagoa denean, merkataritza-superabita dago.

Azkenik, defizit hitza enpresa edo administrazio publiko baten aurrekontuko balantzearen egoeraz aritzeko erabiltzen da gehienetan. Baina batzuetan zera esateko ere erabiltzen da: pertsona batek dirua gaizki erabiltzeagatik ez duela nahikoa diru behar-beharrezko dituen ondasun eta zerbitzuak (medikuak eta janaria adibidez) ordaintzeko.