Wikipedia, Entziklopedia askea

Egiptoko Inperio Berria

Eduki-taula

Egiptoko Inperio Berriaren hedapenik handiena K.a. XV. mendean.

Inperio Berria Antzinako Egiptoko historiaren garai bat da, K.a. 1570-1070 bitartekoa. Inperio Berrian Egipto inoiz baino boteretsuagoa eta aberatsagoa izan zen. Aro honen barruan XVIII, XIX eta XX. dinastiak sartzen dira.

Egipto hegoalderantz hedatu zen, Nubiaraino, eta eskualde zabalak bereganatu zituen Ekialde Hurbilean. Egiptoko armadak Hititen armaden kontra borrokatu ziren, egungo Siriaren kontrola eskuratzeko. Egiptok bere zabalkunderik handiena lortu zuen.

Aro Honetan, Amosis I.a faraoiak XVIII. dinastia sortu zuen eta Inperio Berria ezarri zuen. Amosisek bide militarista eta inperialista berri batetik eraman zituen egiptoarrak. Armada berri formalagoa garatu zuen eta komandante militarrak izendatu zituen. Inperio Berrian berehala bihurtu zen Egipto Ekialde Hurbileko estaturik boteretsuena. Denboraren poderioz eta konkista militarrei esker, Egiptok bere lurraldeak zabaltzen jarraitu zuen.

K.a. 1412-1375 bitarte, Egiptoko estatu inperialak unerik gorena eskuratu zuen Amenofis III.aren agintaldian. Inperioa eraikin eta tenpluak sortzearen bidez berreraiki zuten. Amenofis III.aren agintaldiaren amaierarekin batera heldu zen Inperio Berriaren bukaera. Erlijio-gatazka garrantzitsu bat egon zen, inperioari hainbat arazo sortu zizkiona.

Amenofis III.a hil ondoren, haren seme Amenofis IV.ak hartu zuen boterea, eta inperioan erlijioa aldatzen ahalegindu zen, baina porrot egin zuen. Egiptoarrek ez zuten interesik euren ohiturak eta sinesmenak alde batera uzteko, eta horrela, gatazkak agertu ziren. Gero eta ugariagoak ziren inperioaren arazoak, eta horrek bistan utzi zuen bukaera heltzear zegoela. Pixkanaka, Egiptoko inperioaren bukaera eta Inperio Berriaren heriotza heldu ziren, XX. dinastia K.a. 1070an hasi zenean, hain zuzen ere. Egon ziren inperioa berreskuratzeko ahaleginak, baina inongo arrakastarik gabe. Horren ostean, Egipto denbora luzez libiarren, nubiarren, asiriarren, persiarren eta mazedoniarren menpe egon zen.