Hititak Anatolian bizi izan ziren antzina, orain Turkia izenez ezagutzen den penintsulan. Gaur egungo Turkia eta Siriako zati handi batean bizi izan ziren 1.000 urtez, K.a. bigarren milurtekotik aurrera. Inperioa K.a. 1600 eta K.a. 1200 bitartean egon zen bere gailurrean. Tamaina eta indarrari dagokienez, garai hartako egiptoar eta babiloniar inperioen parean egon ziren.
Hititak, ziurrenik, Europa eta Asia artean dagoen Itsaso Beltza baino haratagotik etorri ziren. Lehendabizi, Erdialdeko Anatolian kokatu ziren. Hiriburua Hattusa zen, gaur egungo Turkiako erdialde-iparraldeko Bogazköy hiria.
Gizartea eta kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX.mendean, Hattusako hondakinetan aurkitutako 10.000 buztinezko taulatxoei esker dakigu hititei buruz ezagutzen dugun gehiena. Ia taulatxo guztiak hititeraz daude idatzita baina ortografia babiloniarra dute. Testu horietan asko hitz egiten da hititen antolaketa politikoaz, egitura sozialaz, ekonomiaz eta erlijioaz. Siriarrek, asiriarrek nahiz egiptoar eta feniziarrek eragin nabarmena izan zuten haien kulturan.
Hititar gizartea gehienbat nekazaria zen. Garagarra, garia, mahatsa eta olibak landatzen zituzten. Zaldiak, abereak, ardiak eta ahuntzak ere hazten zituzten. Soldadu ospetsuak ere baziren eta zaldiz borrokatu eta ehizatu zuten lehenengotakoak izan ziren.
Anatoliako eskualdean burdina, zilarra eta beste mineral asko zeuden. Hititek burdina armak egiteko erabiltzen zuten eta burdin nahiz zilarrarekin egiten zituzten salerosketak. Hiru pertsonako gurdiak eta inperioko hiriak lotzen zituzten karabana ibilbideak erabiltzen zituzten.
Hititek jainko asko gurtzen zituzten. Jainko nagusiak Eguraldiaren Jainkoa edo Ekaitzaren Jainkoa (mendiak ere irudikatzen zituena) eta Lurraren Jainkosa (ibaiak eta itsasoa ere irudikatzen zituena) ziren.
Hititen erregea gobernatzailea, militar buruzagia eta lur guztiaren jabea zen.
Ekaitzaren Jainkoaren ordezkari lurtartzat hartzen zen. Hil ondoren, uste zuten erregea bera jainko bihurtzen zela.
Hititen estatuak antolamendu militarra zuen. Legeak zorrotz arautzen zuen eguneroko bizitza. Hala ere, legeak haustearen ondoriozko zigorrak lehenengo babiloniarrenak baino arinagoak ziren. Krimen batzuek, adibidez, hilketek, isun gogorrak zituzten, baina ez zieten inori bururik mozten hori egiteagatik.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresuma zaharra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 1900erako hititak jadanik Hattusan bizi ziren. Labarna I.a erregea hartzen da Hitita Erresuma Zaharraren fundatzailetzat. K.a. 1680tik 1650era gobernatu zuen Labarna I.ak. Hititar domeinuak inperio batean bildu zituen.
Hattusili I.ak, Labarnaren seme eta oinordekoak, K.a. 1650 eta 1620 bitartean gobernatu zuen. Siriako iparraldea konkistatu zuen. Bere biloba adoptatua eta oinordekoa zen Mursili I.ak gobernatu zuen K. a. 1620 eta 1590 bitartean eta Siriako iparraldea konkistatzen jarraitu zuen. Gero ekialderantz jo eta Babiloniari eraso zion.
Mursili hil eta gero, boterea lortzeko borroka bat egon zen. Azkenean, Telipinu izan zen Erresuma Zaharreko azken gobernatzailea, K.a. 1525 ingurutik 1500era. Telepinuren errege oinordetza, legea eta ordena arautzeko ahaleginengatik da ezaguna. Telipinuren erregealdiaren ondoren, Hititar Erresuma Berria sortu zen arte inperioaren erregistro gutxi daude.
Erresuma Berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresuma Berria K.a. 1380 eta 1346 bitartean gobernatu zuen Suppiluliuma I.arekin egin zen garrantzitsua. Suppiluliumak erreinuaren defentsak sendotu zituen eta antzinako hiriburua, Hattusa, berreraiki zuen. Arerio zen Mitanni erresumarekin borrokan ibili zen ekialdean.
K.a. 1320 eta 1294 bitartean, Muwatallisek gobernatu zuen. Ordurako Egiptok aurretik izan zuen ia botere guztia berreskuratu zuen. K.a. 1288an, hititek eta egiptoarrek Kadeshko gudua egin zuten, antzinako munduko gudu handienetako bat. Baina ez zen argi geratu nork irabazi zuen gudua. K.a. 1269an, hititek eta egiptoarrek bake ituna eta elkarrekiko defentsa ituna adostu zituzten.
Inperioaren gainbehera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hititen erresuma K.a. 1200 inguruan desagertu zen, bat-batean. Ziurrenik Itsasoko Herriak izeneko itsasgizonen inbasio handiengatik gertatu zen gainbehera hori. Hala ere, hitita batzuek beraien identitatea mantendu zuten ondorengo bost mendeetan zehar, hau da, K.a. 700 urtera arte. Estatu independente txikiak osatu zituzten eta pixkanaka Asiriaren zati bihurtu ziren.