Wikipedia, Entziklopedia askea

Epizentro

Epizentroaren diagrama.

Epizentroa, lurrikara bat gertatzen denean, uhin sismikorik indartsuenak jasotzen dituen lurrazaleko puntua da. Epizentroan sentitzen dira astinaldirik indartsuenak, eta bertan gerta daitezke kalterik handienak.

Lurrikarak lurpean gertatzen dira, litosfera delakoan, 5 eta 700 kilometro bitarteko sakoneran. Lurrikara gertatzen den lurpeko puntu edo erdigune horri hipozentroa deitzen zaio. Bada, epizentroa hipozentroaren gain-gainean dagoen lurrazaleko puntu edo gunea da.

Lurrikararen astinaldiak uhin sismikoak hedatzen ditu hipozentrotik norabide guztietara; hipozentroa zenbat eta lurrazaletik gertuago egon, orduan eta handiagoak izan daitezke epizentroko kalte eta hondamenak.