Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eskola-jazarpena (bullying ere deitzen zaio, ingelesezko hitza erabiliz) besteei min egiteko modu bat da, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Erasotzaileek beldurtu edo iraindu egiten dituzte beren biktimak, hitzez edo ekintzez, hauek beren buruarekin gaizki sentiarazteko.

Eskola-jazarpena eskoletan eta eskola-giroan gertatu ohi da, haur eta nerabeen artean. Estatu Batuetan, bigarren mailako hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen herenek eskola jazarpena jasan dute. Eskola-jazarpenak arazo gutxiago ematen ditu nerabeak zahartzen joan ahala. Baina helduek ere jazarpena jasan dezakete.

Nolakoa izaten da?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jendeak askotan uste du eskola-jazarpena biolentziaren edota mehatxuen erabilera dela. Baina jazarpenak ez du zertan bortitza izan; gehienetan, jazarleek irainak edo zirikadak botatzen dituzte klasekide batez burlatzeko, askotan beste klasekide batzuk aurrean direla. Bestee batzuetan, biktimak baztertzen edo beraien taldetik kanpo uzten dituzte. Edota zurrumurruak eta gezurrak zabaltzen dituzte, beren biktimak kaltetzeko. Jazarpena aurrez aurre egiten da, baina baita Internet bidez eta sare sozialen bidez gero eta gehiago. Internet bidezko jazarpenak ziberjazarpena izena du.

Neskak nahiz mutilak izan daitezke bai jazarleak edo baita jazarriak edo biktimak ere. Eta askotan gertatzen da ume edo gazte berberak jazarle eta biktima izatea aldi berean.

Haurrak etxean gatazkak eta gehiegikeriak jasaten baditu, haur horrek aukera gehiago ditu beste haurrak jazartzeko. Beraien buruaz arduratzen edo besteez kezkatzen ez diren haurrek ere aukera gehiago dituzte jazarleak bihurtzeko. Hala ere, jazarle batzuk autoestimu altua dute eta eskolan popularrak izaten dira; askotan, beren lagunak inpresionatzeko jazartzen dituzte ume edo gazte ahulagoak.

Jazarpenen biktimak askotan besteengandik desberdinak dira modu batera edo bestera: jatorri desberdina dute, gorputz-ezaugarri bereziren bat dute, etab.; edonolako desberdintasunen bat dute, jazarleek aprobetxatzen dutena beren biktimei erasotzeko. Hori bai, denak ahulagoak izaten dira edo ahulagotzat hartzen dituzte jazarleek eta horretaz aprobetxatzen dira. Askotan gertatzen da biktimek beste umeen aldean desberdin ikusten dutela beren burua, edo desberdin hitz egiten edo jokatzen dutela. Baina askotan ez  dago garbi zergatik diren jazarpenen biktima. Edozein kasutan, desberdina izateak ez du justifikatzen inor gaizki tratatzea eta min egitea.

Nolako ondorioak ditu?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Norbait jazarpena jasateak hainbat ondorio kaltegarri izan ditzake. Biktimek depresioa izaten dute edota fisikoki gaixo senti daitezke. Gainera, haien eskola-errendimenduarekin arazoak izaten dituzte batzuetan. Muturreko kasuetan, beraien burua mindu dezakete.

Jazarpenak jazarleengan ere izaten du eragina. Jazarleek aukera gehiago dituzte helduak direnean buruko osasun-arazoak izateko. Erlazio osasuntsuak sortzeko arazoak izan ditzakete eta, gainera, arrisku handiagoa dute delituengatik kondenatuak izateko.

Zer egin ez gertatzeko?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jazarpena giza eskubideen alorreko arazotzat har daiteke. Guztiek, eta bereziki haurrek, dute salbu sentitzeko eta errespetuz tratatuak izateko eskubidea. Leku askok biolentzia eta diskriminazioaren aurkako legeak dituzte, baina lege hauek ez dira beti aplikatzen haurren arteko jazarpenetan. Horregatik, gobernu askok jazarpenaren aurkako legeak onartu dituzte. Jazarpenaren aurkako lege askok jazarpena debekatu baino gauza gehiago egiten dute: biktimei eskolaz aldatzeko aukera ematen diete, adibidez; gainera, legeek eskolak derrigortu ditzakete ikasle eta irakasleentzat jazarpenaren aurkako ekintzak eta jarduerak antolatzera.