Etika filosofiaren adar bat da, gizakien jokaeran zer dagoen ondo eta zer gaizki, zer den zuzena edo bidezkoa eta zer ez, aztertzen duena. Beste gizakiekiko harremanean zuzen nola jokatu behar den esaten digu etikak, gure eginbeharraren eta askatasunaren arteko mugak argituz. Etikak jokamolde bat edo erabaki bat "bidezkoa" ala "bidegabekoa" den esaten digu, edo zerbait "beharrezkoa", "onargarria", "onartezina" den, eta, azken finean, "ona" ala "txarra" den.
Printzipio etikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Printzipio etikoak portaera idealetan oinarritzen dira, eta gizartean guztion mesederako nola bizi erakusten digutelako dira garrantzitsuak. Honako hauek dira beste pertsonekin bizikidetza hobea izateko jarraitu ditzakegun printzipioetako batzuk:
1. Errespetua
Errespetua beste pertsonekiko dugun begirunea da, haien egoera, adina, generoa edo pentsaera edozein dela ere. Jendea errespetatzea haiek ere, gu bezala, pertsonak direla onartzea eta pertsona gisa duten balioa kontuan hartzea da. Horregatik, errespetua funtsezko printzipio etikoa da bizikidetzarako.
2. Zuzentasuna
Zuzentasun edo justiziaren printzipio etikoa pertsona guztiak berdintzat jotzean eta pertsona bakoitzari merezi duena ematean datza. Zuzenbidearen ikuspuntutik, justiziak lege eta arau multzo bat ezartzen du, gizarte bat osatzen duten pertsonen arteko harremanak atseginak eta orekatuak izateko eredu gisa balio duena.
Pertsona batek beste bati kalte egin ondoren pertsona hori zuzenbideko arauek diotenaren arabera zigortzen denean, justizia egin dela esaten dugu.
3. Zintzotasuna
Zintzotasunez jokatzea zuzen jokatzea da. Pertsona zintzo batek zuzena dena esaten eta egiten du zuzentasunez jokatzearren eta, gainera, guztien ongizatea hartzen duelako kontuan bere ongizate pertsonalaren gainetik. Zintzotasunez jokatzea, adibidez, norbaiti kalean erori zaion diru-zorroa itzultzea da.
4. Tolerantzia
Tolerantzia beste pertsonen ideia, iritzi eta sinesmenak errespetatzea da, guk ditugunekiko desberdinak edo guztiz kontrakoak izan arren. Horrek ez du esan nahi haiekin ados egon behar dugunik, baizik eta pertsona bakoitzak bere pentsaera adierazteko eskubidea duela ulertu behar dugula, objektiboki norbaitentzat kaltegarria ez den bitartean (esate baterako, ez da onargarria iritzi arrazistak edo bestelako gorroto-delituei loturiko iritziak partekatzea).
Adibidez, familia bateko kideak mugimendu politiko desberdinen alde egon daitezke, baina tolerantzia baldin badago, horrek ez ditu kide horien arteko harremanak kaltetuko.
5. Ardura
Arduratsua izatea gure ekintzek dituzten ondorioez arduratzea da. Emaitza positiboa eman digun zerbait egin ostean, oso erraza da aurpegia eman eta meritua eramatea. Hanka sartzen dugunean, ordea, zaila izaten da gure akatsak eta haien ondorioak onartzea.
Esate baterako, ikasle batek ez badu azterketa baterako behar adina ikasten eta gainditzen ez badu, horrek ekarriko dituen ondorioak onartu beharko ditu (azterketa edo hiruhilekoa errepikatzea, etab.).
6. Egia
Egia errealitatearen eta esaten denaren arteko harremana da. Egia esatea ezinbestekoa da pertsonen arteko harremanek oinarri sendoak izan ditzaten, eta gizarte batean justizia egon ahal izateko beharrezkoa den printzipio etikoa da. Adibidez, haur batek zerbait hausten badu baina errua lagun bati botatzen badio, gezurra esaten ari da eta gezur hori kaltegarria eta mingarria izan daiteke lagun horrentzat. Gezur horrek, beraz, arriskuan jartzen du bien arteko laguntasuna.
7. Errukia
Erruki izatea besteen sufrimendua ulertzea da, eta sufrimendu hori arintzeko zerbait egiten saiatzea. Esate baterako, langabezian dagoen pertsona batek sare sozialetan bere egoera azaltzen badu eta jende askok elkartasuna erakusten badio eta pertsona batzuek lana eskaintzen badiote, errukitzen ari dira.
8. Ekitatea
Ekitatea pertsona bakoitzari merezi duena ematea da, egoeraren edo merituen arabera. Adibidez, ikasle bati azterketa bat amaitzeko denbora gehiago uztea, zailtasun fisiko edo kognitiboen ondorioz ezin baldin badu bere ikaskideek bezain azkar idatzi.
9. Askatasuna
Pertsonok geure burua aditzera emateko eta geure pentsaeraren eta borondatearen baitan jokatzeko dugun gaitasuna da askatasuna. Hala ere, askatasuna ez da mugagabea: arduraz jokatu behar dugu, eta besteen askatasuna errespetatuz. Hori da gizarte batean elkarrekin adiskidetasunean bizitzeko modu bakarra.
10. Konpromisoa
Konpromisoa geure gain hartu ditugun betebeharrak betetzea da, nahiz eta horretarako hainbat oztopori aurre egin behar izan. Esaterako, sendagile batek beti iritsi behar du goiz ebakuntza bat egitera. Berandu iristen bada edo ez bada agertzen, pazienteen ongizatea eta bizia arriskuan jartzen ditu.
11. Gardentasuna
Gardentasunak esan nahi du gure asmo eta ekintzak zein diren argi eta garbi erakutsi behar dugula. Administrazio publikoan, gardentasuna egoteak esan nahi du funtzionarioei eta haiek hartzen dituzten erabakiei buruzko informazioa eskuratzeko gai izan behar dugula, legearen aurkakoa ez den kasuetan izan ezik. Adibidez, alkateak udalerriko baliabideak nola kudeatu dituen erakusten badu, gardentasuna dago.
12. Enpatia
Beste pertsonen sentimendu eta beharrak ulertzeko gaitasuna da. Enpatian oinarritzen da errukia, norbaiten sufrimendua arindu ahal izateko lagungarria baita haren lekuan jartzeko gai izatea. Esate baterako, demagun aitak semea negarrez ikusten duela kalera jolastera irten nahi duelako eta ezin duelako. Aitak ulertzen du semeak kalera irteteko eta jolasteko beharra sentitzea, eta beraz ulertzen du nola sentitzen den.
13. Leialtasuna
Pertsona, talde edo erakunde batekin dugun sentimendu edo konpromisoarekin kontsekuentea izatea da. Adibidez, leialak gara estimatzen ditugun lagunei momentu zailetan animoak eta babesa ematen badizkiegu. Era berean, leialak gara gure bikotekidearekin adostutako mugak errespetatzen baditugu.
14. Inpartzialtasuna
Inpartziala izateak jarrera, pentsaera edo jokaeraren bat besteen gainetik ez jartzea esan nahi du. Hau da, inpartziala izateko zuzen eta objektiboki jokatu behar dugu, guztien ongizatea kontuan hartuz. Futbolean, esaterako, epaileak inpartziala izan behar du, eta ezin du talde batek irabaztea nahiago izan eta talde horri irabazten lagundu.
15. Berdintasuna
Berdintasuna pertsonak guztiok eskubide eta betebehar berberak ditugula aitortzea da, arraza, generoa, adina, hezkuntza-maila, egoera soziala eta abar alde batera utzita. Berdintasuna giza eskubide unibertsala da, eta justiziaren oinarrietako bat da. Adibidez, etorkinek harrera-herrialdean osasun-laguntza publikoa izateko eskubidea dute, gainontzeko herritarren antzera.
17. Elkartasuna
Elkartasuna egoera zail batean dauden pertsonei babesa ematea da. Honen adibide arrunt bat sare sozialetan hainbat ekimen babesteko sortzen diren diru-bilketa kanpainak dira.
18. Ongintza
Ongintza edo benefizentzia besteen edo guztion ongizatea kontuan hartuz jokatzea da. Etikoki jokatzen dugunean, gure ekintzek ongia izan behar dute helburu. Eta guretzat bakarrik baldin badira onuragarriak, behintzat ez diete besteei kalterik egin behar. Esaterako, medikuntza-etikan, ongintza printzipioak esan nahi du pazienteari on egingo dioten edo haren osasuna hobetuko duten ebakuntza, tratamendu edo sendagaiak gomendatu behar zaizkiola.
19. Altruismoa
Altruismoa besteei trukean ezer espero gabe laguntzea da, batez ere beharrean daudenei. Mugarik Gabeko Medikuak eta antzeko beste antolakundeak dira altruismoaren adibide, haien kideek natura- edo giza-hondamendien biktimei laguntzen baitiete trukean ezer jasotzea espero gabe.