Wikipedia, Entziklopedia askea

Europar Batasuneko Kontseilua

Europako Batasuneko Kontseiluaren batzartokia

Europar Batasuneko Kontseilua Europar Batasuneko erakunde garrantzitsuenetako bat da. Europar Batasuneko kide diren estatuetako ministroak edo estatu-idazkariak biltzen dira bertan, legeak onartzeko eta politikak adosteko.

Bruselan du egoitza eta kontseiluburua txandatu egiten da EBko estatu kideen artean, sei hilabeteko tarte baterako. Hau da, sei hilabetez, estatu batek hartzen du kontseiluaren eta haren organo guztien ardura.

Ez nahasi beste erakunde batzuekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da nahasi behar Europar Kontseiluarekin ez eta Europako Kontseiluarekin ere. Europar Kontseiluan estatu kide guztietako gobernuburuak biltzen dira, eta Europako Kontseilua Europar Batasunetik kanpoko erakundea da, eta EBko kide ez diren beste estatu batzuek ere parte hartzen dute bertan.

EBko Kontseiluko kideek konpromisoak har ditzakete beraien estatuetako gobernuen izenean eta bozketa bidez hartzen dira erabakiak; batzuetan gehiengo soilez, hau da, kontseilukide gehienen erabakiz; baina beste batzuetan, gaien arabera, gehiengo kalifikatua behar izaten da erabakiak hartzeko, hau da, kontseilukide gehienek baino gehiagok onartu behar dute erabakia. Eta beste kasu batzuetan, aldiz, aho batez bakarrik har ditzakete erabaki horiek, kontseilukide guzti-guztiek onartuta, alegia.

Zer egiten du Kontseiluak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. EBko legeak negoziatzen eta erabakitzen ditu.

Kasu gehienetan, Europako Parlamentuarekin batera egiten dute hori, "koerabakia" deitzen den prozesu batean.

2. Estatu kideen politikak koordinatzen ditu.

Estatu kideen politika ekonomiko orokorra koordinatzen du, estatu guztiek antzeko jarduera izan dezaten esparru horretan. Gainera, hezkuntzan, kulturan, gazterian eta kirolean estaty guztiek izan behar dituzten lehentasunak eta helburu garrantzitsuenak adosten ditu. Azkenik, lanarekin eta enpleguarekin zerikusia duten gaietan gomendioak ematen dizkie estatuetako gobernuei.

3. EBren kanpo- eta segurtasun-politika bultzatzen du.

Kontseiluak erabakitzen du EBk kanpo-arazoetan eta segurtasun-kontuetan izango duen politika, Europar Kontseiluak hartutako erabakietan oinarrituz. Defentsa, merkataritza, garraioa, zientzia eta teknologia eta garapenerako laguntza eta giza laguntza ere sartzen dira haren erabaki-esparruetan.

4. EBren aurrekontua erabakitzen du.

Hau da, Europar Batasunak urte bakoitzean bere politikak aurrera eraman ahal izateko daukan dirua nola banatuko den erabakitzen du, Europar Legebiltzarrarekin batera.