Wikipedia, Entziklopedia askea

Europar Kontseilua

Europa eraikina, Europar Kontseiluaren egoitza

Europar Kontseilua Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetako estatuburu edo gobernuburuen batzarra da. Kontseiluburu bat ere badu eta Europako Batzordeko lehendakariak ere parte hartzen du batzarrean. Haren egitekoa ez da legeak eztabaidatu eta onartzea, EBko helburu eta lehentasun politikoak zehaztea baizik. Urtean lau aldiz biltzen da normalean Bruselan, Europar Batasuneko Kontseiluaren egoitzan. Horrelako batzarrei EBko goi-bilera deitzen zaie askotan.

Europar Kontseilua ez da nahasi behar Europar Batzordeko Kontseiluarekin ez eta Europako Kontseiluarekin ere. Europar Batzordeko Kontseiluan estatu kide guztietako ministroak eta estatu-idazkariak biltzen dira legeak onartzeko eta politikak adosteko; eta Europako Kontseilua Europar Batasunetik kanpoko erakundea da, eta EBko kide ez diren beste estatu batzuek ere parte hartzen dute bertan.

Zer egiten du Europar Kontseiluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EBko jardunbide eta lehentasun politiko orokorrak zehazten ditu, baina ez du legerik eztabaidatzen edo onartzen; hori Europar Batzordeko Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren egitekoa da.

Batzarretan, EKk "konklusioak" ateratzen ditu. Konklusio horietan, arazorik garrantzitsuenetan EBk izango duen jarrera eta hartuko diren neurriak erabakitzen dira eta Batasunaren beste erakunde eta organoen lanerako orientazioa ematen da.

Europar Kontseiluak kontsentsu bidez hartzen ditu erabakiak; hau da, kide guztien adostasunarekin. Dena dela, EBren Itunetan jasotako kasu jakin batzuetan, bozketak egiten dira erabakiak hartzeko, baina Kontseiluburuak eta Batzordeko lehendakariak ez dute parte hartzen bozketan. Horrelakoetan, hiru aukera egoten dira:

- Erabaki batzuk aho batez edo kide guztien adostasunarekin hartu behar dira. Adibidez, Europar Batzordeko kideen kopurua erabakitzeko. Abstentzioak egon daitezke, hala ere. - Beste batzuk gehiengo kalifikatuz hartu behar dira. Hau da, kide gehienek eta beste gehiagok egon behar dute ados erabakiarekin. Esaterako, Europako Parlamentuari Batzordeko lehendakarigaia proposatzeko. - Eta beste erabaki batzuk gehiengo soilez har daitezke. Hau da, Kontseiluko kideen erdiek gehi batek egon behar dute ados. Hala izan behar du, esate baterako, prozedurazko erabakiak hartzeko Barne Araudiari jarraituz.