Wikipedia, Entziklopedia askea

Foro (Antzinako Erroma)

Eduki-taula

Erromatar foro baten maketa.

Foroa antzinako erromatar hirietako topaleku bat zen. Eremu irekia zen, eta eraikin publikoz eta zutabe-lerro batzuez inguratuta egoten zen. Erromatarren mendeko lurraldeetan zegoen hedaturik.

Foroa bi motatako topaleku grekotatik garatu zen: agora (plaza eta merkatua) eta akropolia (hirietako eraikin eta tenplu asko zituen erdigunea). Hala ere, erromatar foroak grekoak baino antolatuago eta ordenatuago egoten ziren.

Fororik garrantzitsuena Erroma hirikoa izan zen. Erromako foroa hiriko bizitzaren erdigunea izan zen, baita bilera, justizia-auzitegi eta gladiatoreen arteko borrokatokia ere. Dendaz eta aire zabaleko merkatuz beteta zegoen. Erromako tenplu eta monumentu garrantzitsuenetako asko foroan zeuden. Egitura hauetako batzuk oraindik zutik daude, adibidez: Vestaren tenplua, Saturnoren tenplua, Titoren arkua eta Kuria (Senatuaren etxea).

Beste foro bat eraiki zen Erroman, K.o. I. mendean. Trajanoren foroa deitzen zen, eta hainbat eraikin, patio eta denda ilaraz eta merkatu handi batez osatuta zegoen. Erromako hiri-plangintzaren lorpenik handiena izan zen, askoren ustez.