Wikipedia, Entziklopedia askea
Genero-berdintasunaren ikurra

Genero-berdintasunak gizonek eta emakumeek eskubide, betebehar eta aukera berdinak edukitzea esan nahi du; hau da, inor ez diskriminatzea bere sexu biologiko edo generoa dela eta.

Genero-berdintasuna feministek eta humanistek babesten duten helburu bat da, oraindik munduan inon lortu ez dena.

Ez al dago genero-berdintasunik gure artean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, ez dago oraindik genero-berdintasunik, ez gure gizartean ezta pertsonen arteko harremanetan ere. Honek adin eta jatorri guztietako pertsonei eragiten die: emakumeei, gizonei, pertsona transexualei, haurrei eta familiei.

Berdintasun eza haurrak garenean hasten da eta helduak garen arte jarraitzen du, jende askok gizon, emakume, neska eta mutilen izateko moduari buruz dituzten aurreiritzien ondorioz. Ideia hauek genero-eginkizunak osatzen dituzte. Genero-eginkizunak jende askoren aurriritzietan oinarritutako eginkizun-banaketa da: aurreiritzi edo banaketa horren arabera, neskek eta mutilek gauza batzuk egin ditzakete eta beste batzuk ezin dituzte egin, beraien sexu biologikoari hala dagokiolako.

Adibidez, eskolan, irakasleek mutilei neskei baino 8 aldiz kasu gehiago egiten diete. Familietan, neskek mutilek baino %11 paga handiagoa jasotzen dute. Gainera, gure gizartean, umeek txikitatik ikusten dituzten lanbide eta jarduera batzuk mutilentzat (sendagile) edo neskentzat (erizain) izango balira bezala.

Nerabezaroan ere, genero-estereotipoek eragina dute jokabideetan, ikasketak aukeratzerakoan eta neska eta mutilek haien arteko harremanen inguruan dituzten jarreretan. Neskek aukera gutxiago dituzte zientziari buruzko ikasketak egiteko eta maila handiko kiroletan parte hartzeko.

Helduen kasuan, lanbide askotan, emakumeen soldatak gizonezkoenak baino txikiagoak izaten dira. Amatasunaren ondorioz, emakumeak diskriminatuak izan ohi dira lanean, eta askotan zailtasunak izaten dituzte lanera itzultzeko eta aldi berean lan egin eta familiarekin egoteko.

Bestalde, genero-estereotipoek gizonezkoak ere kaltetzen dituzte: "benetako gizonak" izan behar dutela sentitzen dute, fisikoki eta emozionalki, eta jende askoren ustez familian diru gehien irabazten dutenak izan behar dute. Lantoki askok ez diete seme-alabak edo familiako beste kideak zaintzeko baimenik ez ordutegi malgurik ematen gizonezkoei. Gainera, gizonek gutxitan bilatzen dute laguntza profesionala, eta gutxitan egiten dute hitz beren arazoei buruz lagunekin edo familiakoekin; hori gutxi balitz, gehiegi edateko, arriskuak hartzeko eta ekintza biolentoetan parte hartzeko aukera gehiago dute; beren buruaz beste ere gehiago egiten dute gizonek emakumeek baino.

Pertsona transexualen kasuan, eskolan, lanean edo komunak erabiltzerakoan beren genero-identitateak ezkutatzeko beharra sentitzen dute batzuetan; gainera, gaixotasun mentalak izateko eta irainduak, erasotuak edo baztertuak izateko posibilitate gehiago dituzte.

Zergatik egon behar dugu genero-berdintasunaren alde?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasteko, genero-berdintasuna giza eskubidea da. Horrez gain, emakumeen, nesken eta transexualen aurkako indarkeria saihesten laguntzen du; horri esker, gure gizartea seguruagoa eta osasuntsuagoa izango da denontzat.

Gainera, genero-berdintasuna ekonomiarentzat ere ona da. Alde batetik, genero-berdintasun handiagoa duten herrialdeek ekonomia hobea dute, emakume gehiagok egiten dutelako lan. Emakumeek lan egiteko baldintza hobeak izateak familiako ekonomia hobetzen du. Zuzendaritza-postuetan emakume gehiago dituzten enpresek diru gehiago irabazten dute. Bestalde, genero-indarkeriaren ondorioz galera ekonomiko handiak izaten dituzte herrialdeek, hainbat baliabide erabili behar dituztelako arazo honi aurre egiteko.

Zer egin behar da genero-berdintasuna lortzeko?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genero-berdintasunaren aldeko beste ikur bat

Genero-berdintasuna lortzea ezinbestekoa da gizartea zuzena eta bidezkoa izateko. Hona hemen genero-berdintasuna lortzen lagundu dezaketen ekintza batzuk:

1. Eskolan: Haurrei generoaren eta berdintasunaren inguruko gauzak irakastea, genero-estereotipoak eta aurreiritziak desagerrarazteko.

2. Legeetan: Pertsonak beren generoaren arabera diskriminatzea debekatzen duten legeak egitea hainbat eremutan, lanean, hezkuntzan eta politikan, adibidez.

3. Ekonomian: Pertsona guztiei lan-aukera eta soldata bidezkoak eskaintzea, beren generoa alde batera utzita.

4. Politikan: Emakumeak politikan eta erabakiak hartzen gehiago parte hartzera bultzatzea.

5. Genero-indarkeria mota guztien kontra borrokatzea, etxeko indarkeria, sexu-jazarpena eta pertsonen trafikoa barne.

6. Pertsona eredugarriak ezagutaraztea: hainbat eremutan arrakasta izan duten emakume eta genero dibertsoko pertsonei buruz irakastea belaunaldi berriei.

7. Oreka etxeko zaintza eta arduretan: etxeko lanek eta pertsonen zaintza lanek bai gizonen bai emakumeen ardura izan behar dute.

8. Komunikabideak eta kultura: gizon eta emakumeek berdintasunean agertu behar dute komunikabideetan eta herri-kulturan, estereotipoei aurre egiteko.