Artikulazio edo giltzadura elkarturik dauden bi gauza finkoren arteko lotura mugikorra da. Gizakion gorputzaren kasuan, giltzadurak hezurren artean ditugun lotura mugikorrak dira; lotura horiei esker, hainbat mugimendu egin daitezke: giltzaduran loturik dauden hezurrak luze-luze jarri edo bata bestearen kontra uzkurtu, adibidez.
Esku bat beste ukabilaren gainean jartzea bezala irudika dezakegu. Eskuak giltzaduraren barrunbea osatzen du eta ukabila, berriz, giltzaduraren burua da; ukabila arazorik gabe jira dezakegu eskuaren barrunbean. Halaxe funtzionatzen dute gure gorputzeko artikulazio edo giltzadurek.
Gorputzean hainbat giltzadura ditugu: aldakan, belaunean, ukondoetan, eskumuturretan, orkatilan, hatzamar eta behatzetan, bizkarrezurrean, lepoan eta beste leku askotan. Artikulazioei esker egin ditzakegu gorputzeko mugimendu guztiak; baina giltzadurak ez dira berez mugitzen, muskuluak behar dituzte horretarako. Muskuluak uzkurtzen ditugunean, tendoien bidez tira egiten dute hezurretatik eta giltzadurak posible egiten du bi hezurren arteko mugimendua, besoa uzkurtzen dugunean, adibidez.
Gizakion eta beste ornodunen kasuan, artikulazioek kartilago-geruza mehe edo fin bat izaten dute hezurraren gainean. Bestalde, giltzadura halako likido berezi batez beterik egon ohi da. Modu horretara, giltzadurako bi hezurrak mugitzen ditugunean ez dute bata bestearen kontra jotzen, ez dira higatzen (gastatzen). Antzeko zerbait gertatzen da artikulazio mekanikoetan ere: koipea behar izaten dute artikulatutako piezak ez gastatzeko. Gizakion giltzadurak adinaren edo lesioen eraginez higatzen direnean, mina ematen dute.
Artikulazioen mugimenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gure gorputzeko giltzadura guztiek ez dute berdin funtzionatzen. Ukondoko edo belauneko artikulazioak, adibidez, aurrera eta atzera bakarrik mugi daitezke plano batean. Eskumuturretako giltzadurak, berriz, aurrera eta atzera ez ezik, esker eta eskuin ere mugi daitezke, bai eta jiratu ere. Sorbaldan dugun artikulazioari esker, besoa ia zirkulu osoan mugi dezakegu. Buruaren eta goiko orno zerbikalaren artean giltzadura berezi bat daukagu, buruarekin mugimendu asko egin ahal izateko, ezker-eskuin, gora eta behera.
Artikulazioen arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batzuetan lesioak izaten dira artikulazioetan; askotan, mugimendu handiak eskatzen dituzten kiroletan gertatzen dira, edota lurrera erortzen garenean. Ibiltzean edo lasterka aritzean ere gerta daiteke orkatila bihurritzea. Horrelakoetan, giltzadura behar baino gehiago luzatzen da. Ondorioz, giltzaduretako ehunak handitu egiten dira eta mina ematen dute
Beste batzuetan, giltzadura bateko hezurrak askatu egiten dira lesio baten eraginez eta horrelakoetan okerreko lekuan geratzen dira. Horri luxazio edo dislokazioa esaten zaio; hitz horiek "bere lekutik atera" esan nahi dute. Oso mingarriak izaten dira eta mediku batek edo espezialista batek jarri behar izaten ditu hezurrak beren tokian. Denborarekin, lesio horiek sendatu egiten dira, baina gerta daiteke haren ondorioz giltzadura ahulduta geratzea eta, horregatik, kontuz ibili behar izaten da.
Bestalde, erabileraren ondorioz, hezurretako karea pilatu egin daiteke giltzaduren lotuneetan; hori gertatzen denean, giltzadurak ez dira biribilak eta leunak izaten, eta mugitzean min ematen dute.
Gaur egun, medikuek metalezko giltzadura artifizialak ipin ditzakete giltzadura naturalen ordez; aldakako eta belaunetako giltzadurak aldatzen dira askotan, eguneroko bizitzan oso erabiliak direlako eta denborarekin gastatzen direlako.