Wikipedia, Entziklopedia askea

Haltz


Haltz beltza edo haltz arrunta

Haltza landare erreinuaren baitan, zuhaitz-genero mota bat da, urkien familiakoa, eta 30 espezie biltzen ditu. Genero honetako zuhaitzak eta zuhaixkak gehienak txikiak dira, eta mundu osotik banaturik daude. Genero honek biltzen dituen espezieak oso desberdinak dira haien artean. Gehien ezagutzen den espeziea haltz arrunta edo beltza da (Alnus glutinosa). Aldiz, altzen artean espezie handiena haltz gorria da. Haltz beltza Euskal Herrian ohikoa da, bereziki ibai-ertzetan.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie honetako zuhaitzak hazkunde azkarreko zuhaitzak dira, eta 100 urte inguru bizi daitezke. Azala leuna izaten dute orokorrean. Landare monoikoak dira, hau da, landare-ale bakoitzak lore ar eta emeak garatzen ditu.

Hostoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alnus azpigeneroaren hostoak

Hostoak erorkorrak, sinpleak, eta bihotz-formakoak dira, berehala erortzen diren estipulez hornituak. Hostoaren ertza irregularra da, eta hostoa gaztea denean testura itsaskorra du.

Loreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loreak gerbetan biltzen dira. Gerba arrak luzeak dira eta loreak hiruko taldeetan agertzen dira. Gerba emeak laburrak dira, eta bakoitzeko bi lore garatzen dira. Loreak askotan hostoak irten baino lehenago hazten dira, polinizazioa errazteko. Gehien bat haizeak polinizatzen ditu, baina batzuetan erleek ere egiten dute.


Gerba arrak alboetan daudenak, eta gerba emeak erdialdean.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genero hau hiru azpigenerotan banatzen da:

  • Alnus azpigeneroa. Zuhaitzak dira. Gerba ar eta emeak udazkenean sortzen dira, ia negu osoan itxita egoten dira eta neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran polinizatzen dira.
  • Clethropsis azpigeneroa. Zuhaitzak edo zuhaixkak dira. Gerba ar eta emeak udazkenean sortzen dira, eta orduan polinizatzen dira.
  • Alnobetula azpigeneroa. Zuhaixkak dira. Gerba ar eta emeak udaberri berantiarrean sortzen dira, eta orduan polinizatzen dira.


Zertarako erabiltzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haltzak erabilera ugari ditu, bai gizakiarentzat eta bai naturarentzat.

Birlandaketan erabiliak izaten dira, oso zuhaitz sendoak direlako, eta arin hazten direlako eremu kaltetuetan, adibidez suteak gertatu diren guneetan.

Batzuetan bonsaiak egiteko ere erabiltzen dira haltzak, baita gitarra elektrikoak egiteko ere. Euren egurra oso egokia da ikatza egiteko. Gaur egun bere ikatza batez ere sukaldaritzan erabiltzen da.

Medikuntzan eta farmazian garrantzi handia hartu du. Landare hauek onuragarriak diren hainbat konposatu ekoizten dituztelako.

   Ba al dakizu   

Haltz beltzaren zurak propietate sendagarriak ditu. Adibidez, kolesterola gutxitzeko edo zauriak garbitzeko balio du.