Wikipedia, Entziklopedia askea
Hamlet eta burezurra.

Hamlet William Shakespeare poeta eta idazle ingelesaren tragedia bat da. Tragedia bat deitzen zaio zerbait txarra edo tristea gertatzen den antzezlan bati. Lan honek Hamlet printzearen istorioa kontatzen du, zeinak bere aitaren heriotza mendekatu nahi duen.

Shakespearek 1601ean idatzi zuen lana eta urte bat geroago estreinatu zen Londresko The Globe antzokian. Askoren ustez, Hamlet literaturaren historiako lanik onenetakoa da. Bereziki ospetsua da Hamletek hilda dagoen gorteko bufoi bati burezurra eusten dion eszena. “Izan ala ez izan: horra hor auzia” hitzak ere ezagunak dira. Hamletek bere buruaz beste egiteaz pentsatzen dagoela esaten ditu hitz horiek.

Lana askotan antzeztu izan da. Geroago, zenbait film ere egin izan dituzte. Disneyko The Lion King (euskaraz Lehoi erregea) filma egiteko ere Hamleten oinarritu ziren, bertan antzeko istorio bat kontatzen baita sabanako lehoi eta beste animaliekin.

Zeri buruzkoa da lana?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenazimentuan kokatutako lan honek Danimarkako Hamlet printze gaztearen istorioa kontatzen du. Hamleten aita hil ostean, haren osaba Klaudio izendatzen dute errege. Gau batean, ordea, aitaren mamuak Hamlet bisitatu eta Klaudiok errege bihurtzeko pozoitu zuela kontatzen dio. Hori dela eta, Hamletek bere heriotza mendekatu behar duela esaten dio.

Hala ere, Hamlet ez dago ziur mamuak egia dioen edo ez. Antzezlan bat prestatzen du, zeinean norbait pozoiarekin hiltzen den. Klaudio horretaz larritu eta bukatu baino lehen antzokitik irteten da. Beranduago, Hamletek Klaudio otoitz egiten ikusi eta anaiaren hilketa aitortzen entzuten du.

Egun baten, Hamlet bere amarekin hizketan dagoela, Polonio izeneko gorte-arduraduna gortina atzean ezkutatzen da haien elkarrizketa entzuteko. Hamletek Klaudio dela pentsatu eta gortina laban batez sastatuta, Polonio hiltzen du. Polonioren semea, Laertes, Danimarkara joaten denean, Hamletez mendekatuko dela zin egiten du eta ezpata-borroka batera desafiatzen du.

Klaudiok ere Hamlet hil nahi duenez, pozoi pixka bat jartzen du Laertesen ezpataren puntan. Hamleten ardoa ere pozoitzen du, baina haren amak edaten du. Borrokan, Laertesek pozoitutako ezpata sartzen dio Hamleti. Gorputzez gorputz borrokatzerakoan, ordea, ezpatak trukatu egiten dituzte, eta Laertes ere pozoitu egiten da. Hil baino pixka bat lehenago, Hamletek Klaudio bere pozoia edatera behartzen du, eta bere erresuma Norvegiako erregeari ematen dio.

Euskarazko itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarara zenbait aldiz itzuli da Shakespeareren tragedia hau: 1952an Bingen Ametzagak itzuli eta Ekin argitaletxeak argitaratu zuen; 1976an, Bedita Larrakoetxeak egin zuen beste itzulpen bat; eta 2002an, Ibaizabalek argitaratu zuen, Juan Garziak itzulita, Literatura Unibertsala biduman.