Wikipedia, Entziklopedia askea

Norvegia

Norvegiaren kokapena Europan.
Norvegiako bandera.

Norvegia Europako iparraldeko herrialde bat da, Eskandinaviako penintsulako mendebaldean kokatua. Gutxi gorabehera, 5 milioi biztanle ditu; ia denak kostaldetik gertu bizi dira, eta horietatik ia milioi bat hiriburuan, hau da, Oslon.

Suediarekin, Finlandiarekin eta Errusiarekin egiten du muga. Iparraldean Ozeano Artikoa, mendebaldean Ozeano Atlantikoa eta hegoaldean Ipar Itsasoa ditu.

Hizkuntzari dagokionez, norvegieraren dialekto asko hitz egiten dira, herrialdea oso handia delako; horren eraginez, Osloko norvegiar batek hobeto uler dezake daniera, Norvegiako iparraldeko dialekto bat baino. Bi dialekto ofizial daude: gehien erabiltzen dena Bokmål izenekoa da eta “liburuetako hizkuntza” esan nahi du. Danieraren ortografiaren antzekoa du eta Osloko dialektoaren berdintsua da. Hamar norvegiarretik bederatzik erabiltzen dute dialekto hori. Bigarren hizkuntza ofiziala Nynorsk edo “norvegiera berria” da; beste forma hau Norvegiako mendebaldeko dialektoetan oinarritzen da batez ere eta islandieratik hurbilago dago.

Gainera, Norvegiako iparraldean, Sami izeneko herria bizi da, laponiar izenez ere ezagutzen dena. 20.000 biztanle inguru dira eta beren hizkuntza, samia, hitz egiten dute. Samiak herri nomada izateagatik eta elur-oreinen artzaintzarengatik dira ezagunak.


Geografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Norvegia oso menditsua da, baita kostaldean ere. Kostaldean fiordo izeneko badia txiki eta handi asko daude. Hegoaldea, aldiz, laua da nagusiki. Herrialdeak 1.500 glaziar baino gehiago ditu, astiro mugitzen diren izotz-bloke handiak.

Klimari dagokionez, udak freskoak eta neguak epelak dira mendebaldeko kostaldean, Ipar Itsasoak tenperatura epeltzen duelako. Ekialdean, ordea, uda beroagoa izaten da eta neguan hotz handia egiten du. Horregatik, neguko kirolek garrantzi handia dute bertan; adibidez, biatloia eta iraupen-eskia oso ezagunak dira.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Itsasoko arrantzari eta bertan ekoizten den petrolioari esker, Norvegia oso herrialde aberatsa da. Gas naturala eta mineralak ere baditu. Norvegiako industriek batez ere elikagaiak, itsasontziak eta makineria ekoizten dituzte. Langile gehienek zerbitzuetan egiten dute lan, adibidez, komunikazioetan, bankuetan eta osasun arloan. Nekazaritza ekonomiaren zati txiki bat besterik ez da. Nekazariek zerealak, esnekiak eta haragia ekoizten dituzte nagusiki.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samiak orain dela gutxienez 10.000 urte iritsi ziren gaur egungo Norvegiako lurretara. Geroago, bikingoek Norvegia kontrolatu zuten eta kostatik merkataritzan aritu ziren eta Europako kostaldeetako herriak eraso zituzten IX. eta XI. mendeetan. Olaf II.a Haraldsson erregeak Norvegia osoa batu zuen XI. mendetik aurrera.

XIV. mendearen amaieran, Norvegia, Suedia eta Danimarka errege beraren mende geratu ziren. Norvegia batasun horretako herrialde ahulena zen. Suediak independentzia lortu zuen 1523an, baina Danimarkak Norvegia kontrolatzen jarraitu zuen. 1814an Norvegia Suediaren kontrolpean geratu zen. Azkenik, 1905ean Norvegiak independentzia aldarrikatu zuen.

Alemania naziak Norvegia inbaditu zuen 1940an, Bigarren Mundu Gerran. Naziek gobernu alemana ezarri zuten Norvegian. Alemaniarrak 1945ean joan ziren Norvegiatik, gerra galdu zutenean.

1949an Norvegia Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundera (NATO) batu zen, hau da, nazioek elkarri babesa emateko erakunde batera. Europar Batasunean sartu ez den herrialde eskandinaviar bakarra da, bertako biztanleek bi aldiz bozkatu baitzuten bertan ez sartzeko; hala ere, herrialdeak akordio berezi bat eta harreman ekonomiko estuak ditu Europar Batasunarekin.