Wikipedia, Entziklopedia askea

Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena

Umeek jolasteko eskubidea ere badute

Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena munduko haur guztien oinarrizko eskubideak babesten eta bultzatzen dituen hitzarmen bat da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartu zuen 1989an, eta munduko herrialde gehienek onartutako nazioarteko hitzarmen garrantzitsuenetako bat da.

Hitzarmen horretan, sinatzen duten herrialdeek aitortzen dute haur guztiek oinarrizko hainbat eskubide dituztela, beren bizilekua, etnia, erlijioa, generoa... edozein dela ere; sinatzen duten herrialdeek eskubide horiek errespetatzeko eta errespetarazteko konpromisoa hartzen dute. Honek esan nahi du herrialde hauek haurrentzat mesedegarriak diren legeak egingo dituztela, eta haurren ongizatea bermatzeko behar diren baliabideak erabiliko dituztela. Gainera, horretarako, Hitzarmenaren arabera, lege horiek egiterakoan haurrek eskubidea dute entzunak izateko eta beraiengan eragina izango duten erabakietan parte hartzeko.

Zer dio Hitzarmenak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako hauek dira Hitzarmeneko ideia nabarmenenetako batzuk:

1. Diskriminaziorik ez: haur guztiek eskubide berak dituzte eta berdin tratatuak izan behar dute, haien desberdintasunak alde batera utzita.

2. Haurraren interes gorena: haurrei eragiten dieten erabakiak hartzerakoan, beti hartu behar da kontuan haientzat komenigarria zer den.

3. Bizitzeko, biziraupenerako eta garapenerako eskubidea: haur guztiek dute bizitzeko eta modu egokian hazi eta garatzeko eskubidea.

4. Parte hartzeko eskubidea: haurrek haiei eragiten dieten gaiei buruz beren iritzia adierazteko eta kontuan hartzeko eskubidea dute, beren adina eta heldutasuna kontuan izanda.

5. Osasunerako, hezkuntzarako eta jolasteko eskubidea: haurrek osasun-laguntza, kalitatezko hezkuntza eta jolasteko eta atseden hartzeko denbora izateko eskubidea dute.

6. Tratu txarren eta esplotazioaren aurkako babesa: haurrek edonolako tratu txar, esplotazio eta indarkeria motaren aurrean babestuta egon behar dute.

7. Identitate bat izateko eskubidea: haur guztiek dute izena eta herritartasuna izateko eskubidea.

8. Familia-eskubidea: haurrek beren familiekin bizitzeko eta haiengandik bananduak ez izateko eskubidea dute, beren hobe beharrez denean ezik.

9. Informazio-eskubidea: haurrek haientzat garrantzitsua den informazioa jasotzeko eskubidea dute, bizi diren mundua hobe ulertzeko balioko baitie.

Zer lortu du Hitzarmenak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umeen osasuna ziurtatzea oso garrantzitsua da denontzat

Hitzarmenari eta sinatu zuten herrialdeek martxan jarritako legeei esker, aurrerapausoak egin dira haurren eskubideen babesean ia mundu osoan.

Horrela, herrialde askok haurren lana, esplotazioa eta tratu txarrak debekatzen dituzten legeak egin dituzte, eta baita lan egiteko eta ezkontzeko gutxieneko adina ezartzen duten legeak ere. Honek esan nahi du inor ezin dela lan egiten hasi edo ezkondu halako adin jakin bat izan aurretik; neurri horren helburua haurrak eskolara joatea eta haurrek izan behar duten bizimodua izatea da.

Hitzarmenari esker, haurren osasunari ere arreta handiagoa eskaintzen zaio orain. Herrialdeek osasun-laguntzarako programak jarri dituzte martxan, eta haiei esker haurren heriotza-tasak behera egin du munduko lurralde askotan. Desgaitasunak dituzten haurren gizarte-inklusioa bermatzea ere bultzatu du, eta baita haur guztien (bereziki nesken) aukera-berdintasuna bermatzeko neurriak hartzea ere.

Bai al dago arazorik gaur egun?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena martxan jarri zenetik hainbat aurrerapauso egin diren, oraindik arazo asko daude munduko leku askotan.

Arazo larrienen artean, honako hauek daude:

1. Haur-pobrezia: milioika haur bizi dira oraindik muturreko pobrezian; honek esan nahi du ez dutela kalitatezko hezkuntza, osasun-laguntza egokia eta elikadura egokia izateko aukerarik.

2. Haurren lana eta esplotazioa: haurrak lan egitera behartuta daude oraindik hainbat lekutan, eta batzuetan beren garapenerako kaltegarriak izan daitezkeen egoera kaltegarrietan.

3. Hezkuntza izateko zailtasunak: oraindik heziketa egokirik jaso ezin duten milioika haur daude, hainbat arazoren ondorioz. Adibidez azpiegitura falta, pobrezia eta genero-desparekotasuna (neskek hezkuntza egokia izateko zailtasun gehiago dituzte mutilek baino).

4. Haur-ezkontza eta nerabeen haurdunaldiak: munduko toki batzuetan, neskak oso goiz ezkontzera behartzen dituzte, eta asko haurdun geratzen dira; hau oso kaltegarria izaten da beren osasun eta garapenerako.

5. Genero-desparekotasuna: herrialde batzuetan neskek zailtasun gehiago izaten dituzte ikasteko, osasun-laguntza jasotzeko eta aukera ekonomikoak edukitzeko. Indarkeria gehiago eta diskriminazio handiagoa ere jasan behar izaten dute.

6. Indarkeria eta gerrak: gatazka armatuak dituzten lurraldeetan bizi diren haurrek indarkeria jasaten dute askotan, eta trauma psikologikoak izaten dituzte. Gainera, batzuetan gatazka horietan soldadu izatera behartzen dituzte.