Wikipedia, Entziklopedia askea

Herentzia genetiko

Eduki-taula


Herentzia genetikoa edo herentzia biologikoa izaki bizidunen artean belaunaldi batek bere ondorengoari transmititzen dizkion ezaugarrien multzoa da.

Ume baten zeluletako kromosomek aitaren gene multzo bat eta amaren beste bat izaten dute. Gene horiek elkarrekin lan egiten dute ume horren ezaugarriak ekoizteko. Gene bakoitzak zeregin berezia du, adibidez, umearen begiak kolore batekoak edo bestekoak izatea.

Gene batzuk menderatzaileak edo beste batzuk baino indartsuagoak dira. Horregatik, ile beltza duen aita baten eta ile horia duen ama baten umeak kolore bateko edo besteko ilea izango du, bere baitan menderatzailea den genearen arabera. Umeak ile beltzaren genea eta ile horiaren genea jasoko ditu gurasoengandik, baina haietako bat bakarrik izango da menderatzailea, eta, beraz, ile beltza edo ile horia izango du.

Herentzia biologiko edo genetikoak azaltzen du zergatik familia bereko kideek izaten duten elkarren antz handia. Dena dela, senide biologikoek genetika edo gene-multzo oso desberdina izan dezakete, eta, hortaz, ezaugarri desberdinak eduki ditzakete, guraso berberak izan arren. Obulu bat ernalduta geratzen denean (aitaren espermatozoidea amaren obuluan sartu eta bi zelula horiek batzen direnean), bakoitzak daraman ADNaren konbinaketa modu askotara gerta daiteke, eta, beraz, ez da bi aldiz berdina izango; horregatik, senide biologikoek elkarren antza izango dute ezaugarri askotan, baina ez dira berdinak izango.

Batzuetan, ordea, senide bikiak sortzen dira, gene berberekin eta, beraz, elkarren antz handi-handikoak. Bikiek ezaugarri hereditario berberak dituzte, gene berak dituztelako. Biki berdin-berdinak espermatozoide bati batu zaion obulu batetik sortzen dira. Obulu hori erdibitu egiten da, eta erdi bakoitza haur bat bihurtzen da.