Wikipedia, Entziklopedia askea

Heste lodi

Heste lodiaren egitura eta kokapena.

Heste lodia digestio-aparatuko organo bat da, giharrezko hodi baten egitura duena, heste meharrean hasi eta uzkian bukatzen dena. Metro bat eta erdi luze da, gutxi gorabehera, eta 3-7 cm bitarteko diametroa du. Digestioaren soberakin edo hondakinak prestatzen ditu gorputzetik kanporatzeko. Artikulu honetan, gizakien kasuan organo honek dituen ezaugarriak aipatuko dira.

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heste lodiak hainbat funtzio ditu: batetik, kimoan geratzen den ura xurgatzen du, behin gainontzeko digestio-aparatutik pasatuta. Bestetik, substantzia hori iraizkin edo gorozki bihurtuta pilatzen du eta, nahikoa metatu denean, uzkitik kanporatzeaz arduratzen da. Beraz, digestioaren hondakinak deshidratatzen eta gorotz bihurtzen ditu.


Heste lodiaren atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heste lodiak hiru parte ditu:

   Ba al dakizu   
Heste lodiak materia fekala (gorozkiak) metatu behar du. Bestela, etengabe egon beharko genuke komunera joaten, eta ez egunean behin, behar litzatekeen bezala.
  • Heste itsua: heste lodiaren hasierako zatia da, heste meharrari lotuta dagoena. 5-8 cm bitarteko luzera du. Heste itsuan, apendize deritzan luzapen bat dago.
  • Kolona: ondestearen aurretik dagoen atala da. Forma makotua (arku itxura) du eta haren tamaina 80-90 cm bitartekoa izan daiteke, edo are gehiagokoa. Hiru zatitan bereizten da: goranzko kolona, zeharkako kolona eta beheranzko kolona.
  • Ondestea: heste lodiaren bukaerako zatia da. Uzki deritzan esfinter (gihar-hodi) batean du amaiera. Bertatik kanporatzen da materia fekala (gorozkia), eta digestio-prozesua ere bertan bukatzen da.