Txikipedia:Idi-dema

Wikipedia, Entziklopedia askea

Idi-proba edo idi-dema Euskal Herriko dema mota tradizional eta herri kirol bat da. Idi-pare batek (kasu gehienetan) harri handi bat mugitzen dute plaza batean zehar. Harria 1.500 eta 4.500 kilogramo artekoa izaten da.

Idi-proba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen maiz desafioak ziren (bi lehiakideren artean), gaur egun lehiakide gehiagok parte hartzen duten lehiaketak nagusi dira. Askotan herriko jaietan antolatutako saioak izaten dira. Garai batean, herri askotan ikus genitzakeen proba hauek. “Tolosa 1903 - 2003. El centenario de una plaza”, Francisco Tuduri Esnalek idatzia eta Kutza Fundazioak argitaratutako liburuan, 226 - 233 orrialdeetan, 1942 - 1978 urteren bitartez Tolosan antolatutako idi proben emaitzak jasotzen dira. Hona hemen liburu horren zati batzuk:

Euskal Herriko beste herri kiroletan gertatzen den bezala, proba hauen jatorria lehenagoko lanetan (baserriko lanetan edo harrobietako lanetan) oinarrituta egon daiteke. Baserritarrek, gaur egun ez bezala, idiekin egiten zituzten lan gehienak, itulan arituz, edo Amezketako errekako inguruko baserrietan esaten den bezala, “itzulen arituz”. Mekanizazioa eman zenez geroztik proba hauetarako erabiltzen diren idiak propio erosi, eta entrenatzen dira.

Idiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zezenak urtea bete aurretik zikiratzen dituzte eta plazara eramaten direnak 500-650 kilo artekoak izaten dira, nahiz eta kasu batzuetan gehiago pisatzen duten. Idiek pisu gehiago baldin badute araututa dago zer zama gehigarri eraman beharko duten.

Lehiaketarako erabiltzen diren idiak zaindu egiten dituzte bereziki: janariaz, ikuiluko tokirik onenarekin eta entrenamendu fisikoa atletak balira bezala eginez.

Urteetan zehar, ospe handia lortu duten idiak izan dira. Pedro Juan Garmendia tolosarrak zeuzkan “Tigre” eta “Pardo” izeneko idiek aurreko mendeko 40. hamarkadan ospe handia lortu zuten. Biren artean 2 tona pisu zeuzkaten, eta 4100 kilogramoko harriekin inoiz gainditu ez den marka bat ezarri zuten. Halaxe kontatzen du F. Tudurik aurrez aipatutako liburuan.

Gaur egun idien ongizatea ere kontuan hartzen da eta ez da onartzen tratu txarrik. Bide honetan, azkeneko urteetan antidoping kontrolak ere egiten hasiak dira. Eta 2019. urtean lehen aldiz Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak (DAEA)  bere gain hartu zuen idi-probetan doping kontrolen ardura.

Plaza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohikoak diren plazek, probaderoek, izaten duten tamaña 8 x 22 m-koa izaten da eta 8 zati berdinetan zatituta dago. Zati bakoitzari “zinta” esaten zaio eta egitura osoari plaza.

Tolosako zezen plazan probaderoa hondarrez estalita egoten da probak egiten ez diren bitartean, eta duen tamaina 25 x 6 metrokoa da, eta zinta bakoitzak 3,13 m ditu. Halaxe jasotzen da Francisco Tudurik idatzitako liburuan.

Alegiko bi harriak eta "zinta"

Garai batean herri askotan zeuden plaza hauek desagertzen joan dira. Halaxe gertatu da adibidez Alegian, non bakarrik zinta tamainako zati bat eta bi harri geratzen diren.

Beste tokietan berriz, tokiz aldatu dira; batzuetan baztertuz eta beste batzuetan, toki estalietara eramanez.

Maiz plazaren zorua uharriz eginda dago  eta bai plazaren mugak eta bai zintaren mugak egiteko ere, kareharria erabiltzen da. Gaur egun plaza batzuk oso erabiliak jarraitzen dute izaten eta maiz antolatzen dira lehiaketak. Halaxe dira,adibidez, Gipuzkoako Aiakoa edo Urretxukoa; eta Bizkaiko Abadiñokoa edo Etxebarriakoa beste askoren artean.

Harriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugitzen diren harriak lauki zuzenaren forma izaten dute, aurrekaldean estuagoak izanda, eta bertan, zulo bat idiekin lotura egiteko helduleku gisa dutela. Harriaren inguruan burnizko helduleku bat egoten da, proban parte hartzen duten akuilatzaileek heldu eta bultza dezaten.

Argazkian bai idiekin lotura egiteko tokia, bai akulatzaileentzako  inguruko burnizko heldulekua ere non kokatzen diren ikus daiteke

Harri hauek (probarriak), esan bezala, 1500-4000 kilo tartekoak izaten dira. Hala ere, handiagoak eta txikiagoak ere erabiliak izaten dira. Argazkietan ikusten diren harriak Alegiakoak dira; txikienak 1600 kg ditu eta handienak (Argazkian ikus daiteke detailea) 2020 kg.

Parte-hartzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IDIZALEA:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau idien jabea da eta berak zaindu, entrenatu eta plazara eramaten ditu Idiak. Bertan, proba hasi baino lehen pixaketan parte hartzen eta behar diren errebisio guztietan; bukaeran, saria irabaziz gero, berak jasotzen du.Ospe handiko idizaleak daude eta izan dira. Horietako bat argazkian bere idi pare batekin agertzen den Jose Mari Barriola. Aurreko mendeko 80. eta 90. hamarkadetan aritu zen plazaz plaza leheiatzen. Berak erositako idiak Valentzia aldetik edota Portugal aldetik ekarriak izan ziren kasu askotan. Berak preparatzen zituen probetarako, eta plazetara eraman ere.  Hainbat sari ere irabazi egin zituen, eta bere idiak haietan jarri ohi diren mantekin estaliak izan ziren ere.

ITZAINA:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzainak (itzailea ere esaten zaio Tolosan inguruan) probarako kontratatuak izaten dira orokorrean. Lan horretan bereziki trebeak diren gizonak izaten dira; kasu gehienetan, baserriko gizonak izaten dira, eta idiekin lan egiten ohituak daude. Halaxe zen behintzat baserrietako lan zamatsuak idiekin egiten zirenean.

Lan honetan beti izan dira espezialistak izan direnak. Horien artean aurreko mendeko 70 hamarkadaren inguruan ospe handia lortu zuen Anton Totorikaguena Egurrolak, “El león de Markina” (Markinako Lehoia) ezizenekin ezagutu zenak. Proba askotan parte hartutakoa, bai Bizkaian, erta baita Gipuzkoan ere; toki askotatik deitua zen, zeukan indarra eta trebeziagatik.Markinako Lehoiak gizon-probetatik ere lortu zuen fama eta ezizena. Ohikoa da itzainek, idi-probetaz aparte, beste herri kiroletan ere parte hartzea eta emaitza onak lortzea.

Dirudienez, bai animali, bai gizon proba guztiak batuta 12.000 probatan parte hartu zuen. Bakarrik 1980 eta 1981 urteen artean 1100 probatan parte hartu zuen: 1980an 552 probetan, eta 1981ean 591tan. Sari asko irabazi zituen Markinako Lehoiak bere ibilbidean.

Markina-Xemeingo Ugarte dorretxean jaio zen 1935ean, eta 59 urte zituela guztiz utzi zuen bere parte hartzea. Eta 2017an, 81 urte zituela hil egin zen.

Itzain bezala dagoen beste erreferentzia bat Aiako Manuel Iruretagoiena Illarramendi-koa da, “Izeta” ezizenez ezagutua. Honek ere idi-probetaz aparte beste herri kiroletan (segalari…) ospea lortu zuen, sari asko irabaziz. Bere heriotzean, 2022an, biloba den Jose Iruretagoienak idatzitako bertso hauek geratu ziren jasoak familiak eskeinitako eskelan:

“Ikuluan triste dago idi paria

askatu baida aspaldiko kurteria.

Itzei bezela zinan dotoria,

ondo ibiliz akullu ta uztarria,

errez mugitzen zenun harria….”

AKUILATZAILEAK:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauen izena akuilutik dator, hau da, puntan iltze bat duen makilaren izenetik. Izan ere, makil hauekin akuilatzen diete idiei, hauek aurrera egin dezaten. Animailen ongizatea asko begiratzen da azken urte hauetan eta akuilatzeari ere bere mugak jarri dizkiote. Akuilatzaileek laguntza eskaintzen diote itzainari eta idiei beren ahaleginean. Harriak inguruan duen burnia heldu eta bultzatuz egiten dute beren lanik garrantzitsuena. Itzainarekin batera idien esfortzua dosifikatzen saiatzen dira. Harria plazaren erdian gelditzea  saihesten ere ahalegintzen dira, hasierako abiaraztean esfortzua bikoizten baitu. Eta batez ere, harria plazaren zabalera markatzen duen marratik atera ez dadin saiatu behar dute, harria falta (“ustel”) eginiko mugara itzuli behar baitute. Euren lanak garrantzi handia hartzen du harria plazako mugara iristen denean eta horri buelta ematean. Plaza kopurua apustuan finkatutako baldintzen menpe dago, edo araudiak adierazten duenaren menpe lehiaketetan. Itzaina bezala, akuilatzaileak kontratatu egiten dira.

KAKABILTZAILEAK:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaza garbia  eta baldintza txukunetan mantentze aldera proba bitartean idien alboan kakablitzaileak mantentzen dira. Hauek erne mantentzen dira ea idiek kaka egiten duten eta, hala gertatuz gero, horiek jaso eta plaza garbitzen dute. Hala ez bzdute egiten plaza irristakorragoa geratzen da eta honek, probarako, abantaila suposatzen du. Lan horretarako eskuetan mango luzeko pala bat eramaten dute.

EPAILEA:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaza barruan aritzen den azkeneko “pertsonaia” epailea da; honen eginkizuna garrantzitsua da: idien pisuaren kontrola, txanden zozketa, proban zehar arauak betetzen diren baieztatzea, eta, hala ez bada, araudia betearaztea; koadrila bakoitzak egin duen lanaren neurketa…


Proba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idi-dema denbora jakin batean plaza gehiago egitean datza. Idi-pare batek baimendutako gehienezko pisua gainditzen duenean -1.100 kilo inguruan finkatutakoa-, harriari gainpisuko kilo bakoitzeko kilo t'erdiko gainpisua jartzen zaio. Parte-hartzaile bakoitzari dagokion denbora normalean 30 minutukoa da. Apustuetan, batzuetan bai pisua, bai denbora, edota beste baldintza batzuk ere aldatu daitezke, desafioan parte hartzeileek hala adosten badute. Denbora-epea edozein izanda ere, behin amaitu ondoren, epaileek egindako distantzia neurtzen dute, eta plazetan, zintetan eta metrotan ematen dute.

ARAUDIA:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehiaketek araudi konkretu bati lotuta daude. Hemen kontsultatu daitezke baldintza orokorrak zein diren. Eta beste dokumentu honetan bai idi probetan, bai eta beste animali harri probetan eta gizon-probetan, araudiak dituen 54 arau.

IDI-PROBETAN DOPING KONTROLA:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batetik lehiaketetan “tranparik” gabeko parte hartzea eta bestetik, batez ere azken urteetan, idien ongizatearen ikuspegitik, idien osasunaren kontrola zorroztu egin da.

Idi proben zirkuluetan, eta hedabideetan 2014. urtean gertatutako gertaera bat mugarria bihurtu zen zentzu honetan. Urte hartan Erandioko festetan parte hartu zuten idi pare bat hil ziren proba bukatu eta ordu bete geroago. Halaxe jaso zen 2016an kasu honen epaia hedabideetan:

“Bilboko zigor-arloko 4 zenbakiko epaitegiak 2016ko amaieran emandako epaiak frogatutzat jo zuen inputatuak animalia anfetamina bakoitzari erakusketa egiteko eman ziola, probaren inguruko apustuetan dirua irabazteko. Itolarria, akidura, diszinesia, dardara muskularrak edo ataxia eragin zituen idietan, eta leher eginda, lehiaketa hasi eta ordubetera hil ziren”.

Gauzak horrela, 2019 urtetik aurrera Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak idi probetan antidoping kontrolak bere gain hartzea erabaki zuen. Eta 2020ko martxoaren 12an Agentziak Donostian prazaratutako prentsa oharrean zehazten da idi-probetan egindako hainbat kontroletatik bitan emaitza positiboa eman dutela.