Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea


👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
3.193.513
🔎
Azalera
20.870 km²
🌄
Altuera
📷
Argazkiak
ikusi
Euskal Herriaren kokapena Europan

Euskal Herria Europako mendebaldeko herrialde bat da. Frantziaren eta Espainiaren arteko mendebaldeko mugaren inguruan dago. Zazpi lurralde historiko biltzen ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Lehenengo laurak Espainiako estatuan, eta azken hirurak Frantziaren barnean.

Euskal Herria izenak «euskararen herria» esan nahi du, hau da, euskaraz mintzatzen den jendea bizi den lurraldea, euskaldunak. Bertako herritarrak, oro har, euskal herritarrak dira.

  • Azalera: 20.950 km2
  • Populazioa: 3.142.982 biztanle (2017an)
Euskal Herriko ikurrina
Euskal Herriko lurraldeak

Iparrean Euskal Herriak muga egiten du Kantauri itsasoarekin eta Frantziako Okzitaniarekin; hegoaldean, Espainiako Errioxako Autonomia Erkidegoarekin, Gaztelarekin eta Aragoirekin; ekialdean, Aragoirekin eta Frantziako Okzitaniarekin; eta mendebaldean Kantabriarekin eta Gaztelarekin.

Klimari dagokionez Euskal Herriak kontraste handiak ditu: Bizkaian, Gipuzkoan, Ipar Euskal Herrian eta Araba zein Nafarroako iparrean klima ozeanikoa da, euritsua eta epela. Araba zein Nafarroako erdialdean klima trantsiziozkoa da, aurrekoa baino euri gutxiagoarekin eta hotzagoa neguan eta beroagoa udan. Azkenik, Araba eta, batez ere, Nafarroako hegoaldean klima lehorra da eta muturreko tenperaturak ditu.

Mendiak eta ibaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urumea ibaia Donostian

Euskal Herria, orokorrean, oso menditsua da. Mendirik altuenak Pirinioetan daude: Hiru Erregeen Mahaia (2.446 metro) da altuena, eta gero Ezkaurre (2.050 metro), Orhi (2.017 metro) eta Kartxela (1.982 metro). Pirinioetatik kanpo, mendi altuenak Aizkorri (1.551 metro), Beriain (1.493 metro) eta Gorbeia (1.481 metro) dira.

Hala ere, Tafallatik hegoaldera zelaia nagusitzen da, eta giro lehorra. Nafarroako Erriberan, Bardeak desertuaren antzekoak dira. Ebro da Euskal Herria zeharkatzen duen ibaien artean luzeena (910 kilometro). Kantabriako Europako Mendietan jaio eta Mediterraneo itsasoan isurtzen ditu urak. Euskal Herriko hegoaldean zehar zirkulatzen du. Beste ibai garrantzitsuak Aragoi ibaia, Aturri, Nerbioi, Bidasoa, Zadorra, Arga, Ega, Deba eta Urumea dira.

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Bilbo (345.122 biztanle)
  • Gasteiz (244.634 biztanle)
  • Iruñea (195.650 biztanle)
  • Donostia (186.064 biztanle)
  • Barakaldo (100.025 biztanle)
  • Getxo (78.554 biztanle)
  • Irun (61.608 biztanle)
  • Baiona (49.207 biztanle)

Biztanleen kopuruak 2019. urtekoak dira.

Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza euskara da. Hori izan da mende luzeetan Euskal Herria ia osoan hitz egin den hizkuntza nagusia. Gaztelania ere hitz egiten da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian, eta frantsesa Lapurdi, Nafarroan Beherean eta Zuberoan.

XIX. mendearen hasieratik aurrera Espainia eta Frantziako gobernuek gaztelania eta frantsesaren aldeko hizkuntza politikak bultzatu zituzten, eta horren ondorioz bi hizkuntza horiek euskara ordezkatu zuten Euskal Herriko lurralde askotan, batez ere hirietan. Gaur egun, Euskal Herriko biztanleen %30 inguru euskalduna da, hots, euskaraz badaki (850.000 pertsona, gutxi gorabehera).

Euskal Herriko tokirik euskaldunenak Gipuzkoako gehiengoan, Bizkaiko ekialdean, Nafarroako ipar-mendebaldean eta Ipar Euskal Herriko Nafarroa Beherean eta Zuberoan daude.

Euskara hizkuntza ofiziala da, gaztelaniarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako iparrean. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan euskarak ez du ofizialtasunik.

Irulegiko esku baskoia, erromatarrak heldu ziren garaikoa
Santakriz, erromatar garaiko hiri baskoia (Nafarroa)

Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaldunen arbasoen presentzia egungo Euskal Herrian oso aspaldikoa da. Aditu gehienek uste dute Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza (euskara) Europako zaharrenetako bat dela, eta milaka urte dituela.

Garai hartatik, haitzuloetako eta herri harresituen aztarnak, trikuharriak eta jentilbaratzak heldu zaizkigu.

Erromatarrak Euskal Herrira etorri ziren eta bertan finkatu ziren. Heldu zirenean, egungo lurraldean hainbat herri bizi ziren. Herri ezagunena baskoiena da.

Aditu askok diote herri horiek direla egungo euskaldunen arbasoak. Herri horiek herri harresituetan bizi ziren, mendi puntan zeudenak. Adibidez, Irulegi, Iruñetik hegoaldera.

Erromatarrak Kristoren aurreko II. mendetik Kristoren ondorengo V. mendera arte, gutxi gorabehera, Euskal Herrian egon ziren eta hiri garrantzitsu batzuk (bir)sortu zituzten: Pompaelo (Iruñea), Lapurdum (Baiona), Iruña-Veleia, Oiasso (Irun), etab.

Goi Erdi Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan, euskaldunak egun baino lurralde zabalagoan bizi ziren: Pirinioetatik oso iparralderaino eta oso hegoalderaino. VII. mende hasieratik, Baskoniako Dukerria sortu zen eremu horretan.

Baskoiak bisigodoen eta frankoen kontra borrokatzen ziren. 714 aldera, Afrika iparraldeko musulmanak Penintsulara eta egungo Euskal Herriko lurraldera heldu ziren.

Baskoiek Karlomagno frankoen erregearen armada garaitu zuten Orreagan, 778ko abuztuaren 15ean. Nafarrak baskoi askeak ziren. 824tik, Iruñeko Erresumaren haziak erein ziren, euskaldunen erreinua. Gerora, Nafarroako Erresuma bihurtu zen.

Behe Erdi Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antso Nagusia izan zen nafar errege handiena. 1035ean hil zen. Hamarkada batzuk geroago, Baskoniako Dukerriko buruzagiak euskaldun izateari utzi zioten, eta lurralde hori Gaskoinia bihurtu zen. Nafarroaren eraginpean, Lapurdi eta Zuberoa sortu ziren.

Antso Nagusiaren hil ondotik, Iruñeko Erresuma zatitzen hasi zen. 1076an, Antso Peñalengoa erregea erail zuten, eta Erresuma Aragoirekin bat egin zuten. Nafarrek Errioxa gehiena galdu zuten. Garai hartan, Errioxan eta Gaztelan euskaldun asko bizi ziren.

Antso Jakituna erregeak hainbat hiri gutun eman zituen. Adibidez, Donostia. Izan ere, itsas nabigazioa izugarri garatzen ari zen Atlantikoan. Gainera, iparraldetik, bidazti asko heltzen ziren Donejakue bidean barrena: frankoak deitzen zitzaien.

1199-1200ean, jauntxo euskaldun batzuek lagundurik, gaztelarrek Nafarroa itsasaldea okupatu zuten. Nafarroa mendebaldeko lurralde horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa lurraldeak sortu ziren. Luze gabe, Pirinioez iparraldeko hainbat eskualde Nafarroan sartu ziren: Nafarroa Beherea.

Nafarroan, Antso Azkarra erregeak ez zuen ondorengo legitimorik izan. Haren ordez, Tibalt I.a erregea hasi zen Nafarroako errege lanetan. Bera Frantzia iparraldekoa zen, eta hango ohiturak eta gobernantza ekarri zuen. Berehala nafarrekin gatazkak sortu ziren, eta nafarrek idatzi zioten zein ohitura eta lege zituzten (1237). Era horretan, Nafarroako Foru Nagusia sortzen hasi zen.

Frantziako dinastiekin zeuden liskarren ondorioz, Iruñeko Nabarreria auzo (edo burgu) euskalduna erre zuten. Pixka bat geroago, 1348an, izurri beltzak gogor astindu zuen Euskal Herria. Demografia izugarri jaitsi zen.

Erdi Aroan, ahaide nagusiak edo "jauntxoak" izan ziren Euskal Herriko lurralde zabaletan agintari nagusiak, eta erabaki garrantzitsuenak hartzen zituztenak. Nafarroan bezala, Gaztelaren eraginpeko lurraldeetan, arauak eta foruak idazten hasi ziren: Bizkaiko Foru Zaharra, 1452an; Gipuzkoakoa 1457an.

Hiribilduek landa eremua baino garrantzi handiagoa hartu zuten. Jendea hil eta gaixotzearekin batera, gerretan harrotu ziren jauntxoek erasoak areagotu zituzten herritarren kontra. Askok hiribilduetara jo zuten bizitza salbatzera. Hiribilduak jauntxoen kontra altxa ziren, eta ermandadeak sortu ziren.

Jauntxoek 1457 arte izan zuten indar gehien, baina gero hiribilduak nagusitu ziren, eta hiribilduek Gaztelako errege-erreginen babesa izaten hasi ziren. Izan ere, itsasoko nabigazio eta salerosketatik asko aberastu ziren, eta boterea eskuratu.

1451tik, frantsesek Ingalaterrako erregearen akitaniar sujetak (edo subdituak) menderatu zituzten. Pixka bat geroago (1512), Gaztelako eta Aragoiko tropek Nafarroa inbaditu zuten. Katalina Foixkoa erregina nafarrak Biarnon hartu zuen aterpe.

Bitartean, Bizkaiak eta Gipuzkoak aliantza bat egin zuten Gaztelarekin. Lurralde horietatik eta Lapurditik, itsasontzi ugari ateratzen ziren bakailao eta balea arrantzara. Euskaldunak lehenak eta onenak ziren ontzigintzan eta balea arrantzan. Hartara, Ameriketako Ternuaraino heldu ziren.

Euskal Herria hegoaldea oso oparoa zen elikagaietan; isurialde atlantikoa, berriz, eskasa. Kostaldetik, gizon asko itsasora joaten zen marinel bizimodua ateratzera; Zuberoa eta Nafarroa Beheretik, berriz, Nafarroa hegoaldera joaten ziren jornalari aritzera. XVI. mendean, euskaldunak nagusi ziren itsasoan.

Inprenta gero eta gehiago zabaldu zen, eta ideia erlijiosoak zabaldu zituen. Bernart Etxeparek Linguae vasconum primitiae idatzi zuen, lehen euskal liburua; Joanes Leizarragak Testamentu berria, erlijio protestantea bultzatzeko.

Sorginkeria leporatuta, jazarraldi gogorrak izan ziren euskaldunen kontra. Adibidez, 1525ean, Nafarroan, eta 1609-1611n, Lapurdin eta Nafarroa iparraldean. Azken errepresio horretan, Zugarramurdi egin zen ezagun. sorgin ehizak deitu izan zaie.

XVII. mendean, espainiar eta frantses monarkiak saiatu ziren gero eta zerga gehiago kobratzen. Horietako famatuena gatzaren zerga da. Euskaldunek ez zituzten gogoko haiek eta gerrari buruzko beste neurri batzuk. Ondorioz, errebolta ugari egin ziren. Oro har, "matxinadak" deitzen zaie.

Gerrak eta inposizio berriak zirela eta, euskaldun ugari Amerikara joan ziren. 1728an, Caracasko Gipuzkoar Konpainia sortu zen, merkataritza konpainia garrantzitsu bat. Euskaldunek aberastasun iturri handia izan zuten, merkataritza transozeanikoaren bidez. Euskaldunek Amerikaren kolonizazioan parte hartu zuten.

Aro Garaikidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro Garaikidea Euskal Herriko foruak galduz hasi zen, Ipar Euskal Herrian (1789). Frantziako Iraultzak indargabetu zituen. Nafarroak bere foruak 1841ean galdu zituen, I. Karlistaldiaren ondoren, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 1876an, II. Karlistaldiaren gerra galdu ondotik.

Espainiako garai hartako gobernuek Espainiako botere zentrala indartu nahi zuten eta Euskal Herriko foruak kendu zituzten helburu hori lortu ahal izateko. Aldi berean, industrializazio gordina hasi zen, lan-esku merkea baliatuz. Industrializazio hori Bilbo inguruan hasi zen.

Espainian gelditu ziren euskaldunek ekonomia itunak eskuratu zituzten foruen ordez. Nafarroa Garaian, kupoa deitzen zaio. Ipar Euskal Herrian, berriz, bertako lege eta erakunde guztiak galdu zituzten. Bitartean, nahitaezko hezkuntza eta soldadutza sistema sartu zen indarrean, eta euskarari debekuak ezarri.

Euskal Herriko kostaldean eta barnealdeko leku batzuetan turismoa asko garatu zen. Adibidez, Donostian, Biarritzen, Kanbon eta Zestoan. Espainiatik eta Frantziatik etorkin gero eta gehiago heldu ziren. Lore Jokoak, Euskaltzaleen Biltzarra eta Eusko Ikaskuntza (1918) sortu ziren, euskal hizkuntza, kultura eta unibertsitatea bultzatzeko.

XX. mendearen lehen herenean, gatazka sozial eta politiko handiak bizi ziren Euskal Herrian. Espainiako II. Errepublikaren garaian (1936an), lehenengo Eusko Jaurlaritza agertu zen, Jose Antonio Agirre lehendakaria zuena. Franco jeneral espainiarrak, berriz, Espainiako errepublika indarrez ezabatu zuen, eta 40 urteko diktadura gogorra ezarri.

Garai horretan, euskara eta euskal kultura debekatuta eta baztertuak izan ziren. Errepresioa gogorra zen euskaldunen eta, oro har, euskal herritarren kontra. Hala ere, diktaduraren hondarrean, ikastolak eta euskal kultur pizkunde bat gertatu zen. 1959an, ETA erakunde euskal abertzalea sortu zen, Francori aurre egiteko eta independentziaren bila.

ETAk gero eta gehiago, indarkeriara jo zuen, diktadura amaitu ondotik ere. Hauteskunde demokratikoak hasi ziren Hego Euskal Herrian, baina diktadurako egitura batzuk oso gutxi aldatu ziren. Garai horretako indarkeria politiko giroari euskal gatazkaren aldia deitzen zaio, oro har ETA desegin arte (2017).

1980an Eusko Jaurlaritza berriz osatu zen eta Hego Euskal Herriko gaur egungo banaketa administratiboa agertu zen: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa. Ipar Euskal Herrian, oso nekez aldatu ziren gauzak politikan. 2017an, Euskal Hirigune Elkargoa sortu zen.