Wikipedia, Entziklopedia askea

Inpresionismo

Claude Monet margolari inpresionista bat izan zen.

Inpresionismo deituriko mugimendu artistikoa Frantzian sortu zen, XIX. mende bukaeran. Bertan, margolari gazteen talde bat teknika berri eta ausartak erabiltzen hasi zen eguneko hainbat unetako eszena arruntak irudikatzeko. Orbanak eta pintura-ukituak erabiltzen zituzten ikusleari une jakin batean eszena bat nolakoa zen erakusteko edo inpresio bat eragiteko. Gai baten kopia perfektu bat eman ordez, argiaren eta koloreen efektuak irudikatzean zeuden interesatuta. Claude Monet eta Pierre-Auguste Renoir, adibidez, mota horretako margolariak izan ziren.

Nola sortu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mende bukaeran, margolan gehienek historiako edo mitologiako gertaera bat irudikatzen zuten. Margolariek kolore eta konposizioaren (margolanean irudikatzen den eszenaren antolaketa) inguruko arau zorrotzak jarraitzen zituzten. Haien helburua eszena nagusi baten irudikapen perfektua egitea zen.

1860ko hamarkadan ordea, Édouard Manet artista frantsesak beste norabide artistiko bat aurkeztu zuen. Haren Bazkaria belar gainean margolanak eskandalu handia sortu zuen. Gertaera garrantzitsu baten ordez, piknik bat irudikatzen zuen. Bestalde, Maneten pintzelada ez zen oso zehatza, koloreak lauak ziren eta ez zion sakontasun handirik ematen eszenari. Margolanak argi uzten zuen artistaren arreta gaitik aldendu zela eta kolore eta testurekin egin zitezkeen gauzetan zentratu zela.

Tradizioaren kontra joan izanagatik, zenbait artista gazte Maneten jarraitzaile bihurtu ziren. Artista horietako batzuk Monet, Renoir, Camille Pissarro, Edgar Degas eta Paul Cézanne izan ziren. Artista horiek antzeko lanak egiten zituzten. Haien lanek naturako edo egunerokotasuneko eszenak irudikatzen zituzten. Estudioetan margotu beharrean, aire librean margotzen zuten, eszenari begiratzen zioten bitartean. Artistek libreki erabiltzen zituzten pinturak argiaren eta itzalaren efektuak irudikatzeko.

1874an, artista ausart horiek lehen arte erakusketa antolatu zuten. Erakusketa horretan, Moneten Inpresioa, eguzki atera berria (1872) margolana ere bazegoen. Erakusketan egon zen kritikari batek artistak kritikatu zituen esperimentuak egiteagatik . Kritikari hori Moneten margolanaren izenaz baliatu eta artista horiei “Inpresionista” deitu zien. Hala ere, artistek begi onez onartu zuten izen hori, haien helburu artistikoak ongi deskribatzen baitzituen. Hurrengo urteetan, arte modernoko maisulanetako batzuk margotu zituzten, hala nola Moneten Mitxoletak (1873), Renoiren Dantza La Galette Errotan (1876) eta Degasen Prima Ballerina (1876).

Inpresionistek beste zazpi erakusketa antolatu zituzten, azkena 1886an. Baina ordurako, taldea desegiten zegoen, izan ere, artista bakoitza bere estilo propioa garatzen zebilen eta. Dena dela, artista gazteenei artelanak egiteko ikuspuntu berria eman zieten. Inpresionisten eragina izan zuten artista batzuk Paul Gauguin, Vincent Van Gogh eta Georges Seurat izan ziren. Horiek inpresionismo ondoko artista gisa ezagutzen ziren.