Wikipedia, Entziklopedia askea

Itsasaldi

Itsasgora eta itsasbehera.

Itsasaldiak edo mareak ilargiaren grabitatearen eraginez itsasoaren mailan gertatzen diren gorabeherak dira. Izan ere, itsasoko uraren maila etengabe egoten da aldatzen egunean zehar ozeano guztietako kostaldean.
Itsasoko uraren mugimendu horretan, itsasgora eta itsasbehera bereizten ditugu:

  • Itsasgora, itsasoaren maila bere punturik altuenera iristen denean.
  • Itsasbehera, itsasoaren maila bere punturik baxuenera iristen denean.

Sei ordu eta 15 minutuko tartea egoten da batetik bestera. Normalean, egun bakoitzean bi itsasgora eta bi itsasbehera izaten dira; baina eguneko ordu desberdinetan gertatzen dira leku bakoitzean; hau da, itsasaldi bakoitzaren ordua aldatuz joaten da hilean zehar. Bestalde, itsasgorak eta itsasbeherak ez dute iraupen berbera: batez beste, itsasgora bakoitzak 12 ordu eta 25 minutu irauten du.
Itsasaldiak kostaldean eta itsasadarretan izaten dira oso nabarmenak.
Bizkaiko Itsasoan gehiago nabari dira itsasaldiak, Mediterraneoan baino.

Zergatik gertatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, grabitatea izeneko indar naturalak eragiten ditu itsasaldiak. Grabitatearen ondorioz, unibertsoko gorputz guztiek elkar erakartzen dute. Horren eraginez, bai eguzkiak eta baita ilargiak ere grabitatea eragiten diote Lurrari; baina ilargia lurretik hurbilago egonda, haren erakarpen-indarrak itsasoko ura mugitu egiten du: ilargitik gertu dagoen Lurraren aldean, ura nolabait ilargia dagoen alderantz mugitzen da eta leku horietako kostaldean itsasgora gertatzen da; aldiz, ilargitik urrun dagoen aldean, kontrakoa gertatzen da: ura erretiratu egiten da, eta horri deitzen zaio itsasbehera.