
Karakorum Asian dagoen mendikate bat da. Munduko mendirik altuenetako batzuk bertan egoteagatik da ezaguna; hauen artean K2 mendia dago, munduko bigarren gailurrik altuena.
Munduan 14 mendi daude 8.000 metro baino gehiagoko garaiera dutenak eta hauetatik lau daude Karakorum mendikatean:
- K2 (8.611 m)
- Gasherbrum I (8.068 m)
- Broad Peak (8.047 m)
- Gasherbrum II (8.035 m)
Gainerako zortzimilakoak, berriz, Himalaia mendikatean daude.[1]
Kokapena eta zabalera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karakorum Asiako hegoaldean dago, Pakistan, Txina eta India elkartzen diren eskualdean. Zehazki, Himalaiako mendikatearen mendebaldeko muturrean dago.
Mendikateak 500 kilometroko zabalera du, Afganistango ipar-ekialdetik Tibeteko mendebalderaino.
Nahiz eta Himalaiatik hurbil egon, Karakorum mendikate desberdina da, berezko ezaugarriekin, hala nola, gailur altuak, haran sakonak eta glaziar erraldoiak. Bi mendikate hauek plaken arteko talkagatik sortu ziren, baina Karakorumek plaka eurasiarraren eragin handiagoa dauka.
Glaziarrak eta paisaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karakorum eremu polarretatik kanpo glaziar gehien dauzkan munduko eskualdeetako bat da. Adibidez, Baltoro glaziarrak luzeran 60 km baino gehiago ditu eta munduko handienetako bat da.
Karakorumeko paisaiak ikusgarriak dira: mendi oso altuak, haran oso sakonak, erreka azkarrak eta izotzezko errekak diruditen glaziarrak ditu. Honek guztiak leku oso berezia bihurtzen du ikuspegi geografiko eta naturaletik.
Klima eta bizitza naturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karakorumeko klima oso hotza da, batez ere leku altuetan. Toki askotan elurra eta izotza egoten dira urte guztian. Baldintzak gogorrak dira; horregatik, leku garaienetan, ez da landare eta animalia asko egoten.
Hala ere, beheko zonetan hotzari egokituta dauden hainbat espezie bizi dira; hauen artean, elur-lehoinabarrak, Himalaiako ibisa edo basahuntza. Hotza jasaten duten zuhaitz eta zuhaixka asko ere badaude.
Herriak eta kulturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baldintza txarrak egon arren, komunitate batzuk mendeetan zehar bizi izan dira mendi hauetan. Klimara eta lurraldera egokitu ziren herriak dira, beren hizkuntza, ohiturak eta tradizioak mantentzen dituztenak. Etnia ezagunenetako bat baltiak dira, Pakistango iparraldean bizi direnak.
Komunitate hauek mendiko nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi dira. Azkeneko boladan turismotik ere bizi dira; izan ere, pertsona asko xendazaletasuna egiteko edo mendietako bat igotzen saiatzeko joaten da.
Karakorumen garrantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karakorum hainbat arrazoirengatik eskualde garrantzitsua da:
- Munduko mendi altu eta zailenetako batzuk ditu.
- Glaziarrei esker ur-iturri bat da; adibidez, Indus ibaiaren sorburuak daude bertan.
- Abenturarako eta ikerkuntza zientifikorako leku berezia da.
Leku natural hauskorra ere bada, eta horregatik pertsona eta organizazio askok bertako ingurumena zaintzeko lan egiten dute. Izan ere, alpinismo-turismoak zabor-arazoak eragiten ditu kanpamentu nagusietan eta bertako baliabideetan presioa eragiten du.
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- K2
- Gasherbrum I
- Broad Peak
- Gasherbrum II
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Karakorum» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-09-01).