Klima aldaketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ingelesez dagoen bideo honetan ikus daiteke nolako eragina izan duen klima aldaketak landareen hazkundean, karbono-dioxidoaren maila gero eta handiagoekin batera.

Klima-aldaketa Lurrean edota eskualde jakin batean denboran zehar gertatzen den klimaren aldaketa da. Aldaketa hauek Lurraren barruko nahiz kanpoko prozesuek eragindakoak izan daitezke, baina baita gizakiak eragindakoak ere. Dena den, gaur egun, klima aldaketa nagusiki gizakiaren jarduerari leporatzen zaio; aldiz, gizakiak eragindakoak ez diren aldaketen ondorioz izandako kalteei klima-aldakortasunagatik gertatutakoak direla esaten da.

Klima-aldaketak Lurreko atmosferaren aldaketak erakusten ditu, baita Lurreko beste lekuetako prozesuak (adibidez izotz-geruzetan), eta gizakiaren eragina ere. Klima aldaketa eragiten duten beste kanpo-faktore batzuk lurraren orbita, eguzki-izpien norabide aldaketak eta berotegi-efektua dira.

Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenaren arabera, klima aldaketaren eragina ez da berdin igarriko planeta osoan, eta ez da kaltegarria izango leku guztietan:

  1. Ipar Amerika eta Asiako iparraldean batez bestekoak jasango duen beroketa baino %40 inguru handiagoa jasango dute. Horrek mesede egingo lieke erdi eta goi aldeko latitudeetakoei, negu arinagoak izango lituzkete eta. Amerika eta Europa hegoaldean zein inguru tropikaletan, bero handiagoa, lehorteak eta agian desertifikazioa ere izango lukete. Hau da, zenbat eta inguru pobreagoa izan, ondorioak kaltegarriagoak izango lirateke.
  2. Baliabide hidrikoetan eraginak jasango dira. Ur urritasuna handiagoa izango da Indian, Afrika hegoaldean, Hego Amerikan, Europan, Ekialde Ertainean eta Australiako 3.000 milioi pertsonarentzat, baina EEBB eta Txinan berriz ur gehiago izango dute.
  3. Zereal sailak gehitu egingo dira (klima lehorrak lagundu egiten die hazten).
  4. Gosetea handitu egingo da Afrikan.
  5. Ekosistema askotako fauna eta flora desagertu egingo da.
  6. Malaria eta beste gaixotasun tropikal batzuk zabalduko dira, oraindik botika fidagarririk ez duten gaixotasunak hain zuzen.