Elikagai

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Elikagai egokien piramidea.

Elikagaiak janaria digeritu eta xurgatu ondoren erabil ditzakegun osagai edo substantzia kimikoak dira. Batzuk esentzialak dira eta gure organismoak ezin ditu sortu; horregatik, gure dietan hartu behar ditugu. Beste batzuk, aldiz, ez-esentzialak dira, organismoak beste batzuetatik sintetiza ditzakeelako, prozesu metabolikoen bidez. Substantzia edo mantenugai horiek karbono hidratoak, lipidoak, ura edota proteinak dira, eta bizitzaren funtzioak aurrera eramateko behar ditugun materia eta energia ematen dizkigute.

Gizakiok animalia- zein landare-jatorriko janarietatik eta edarietatik eskuratzen ditugu elikagaiak; horregatik, orojaleak garela esaten da. Gizakiok ez ezik, izaki bizidun guztiek elikatu behar dute, bizirik iraun ahal izateko.

Janari eta edari bakoitzak halako mantenugai jakin batzuk izaten ditu, eta mantenugai bakoitzak halako zeregin edo funtzio jakin bat du gure gorputzaren osaketan eta funtzionamenduan.

Elikagai multzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikagaiak hiru multzo handitan sailkatzen ditugu, betetzen duten funtzioaren arabera:

* Elikagai eraikitzaileak: Gorputzak etengabe behar izaten ditu mantenugaiak zelula berriak eta ehun gehiago sortu ahal izateko (haztearren, adibidez; baina baita zauriak sendatzeko ere); bada, horretan laguntzen duten proteinak dituzten elikagaiei elikagai eraikitzaile deitzen zaie. Haien artekoak dira babarrunak, dilistak, babak edo fruitu lehorrak, landare-jatorria dutenen artean; eta esnea, esnekiak, arrautzak, haragia eta arraina, animalia-jatorrikoen artean.

* Elikagai energetikoak: Gorputzak funtzionatu ahal izateko behar duen energia ematen dituzten elikagaiak dira. Elikagai hauek bi modutako mantenugaiak dituzte: karbohidratoak eta koipeak.

  • Karbohidratoak dira giharrek lan egiteko behar duten energia ematen dutenak. Gibelean pilatzen dira eta gorputzak behar dituenean odolera pasatzen dira. Energia lortzeko berehala erabiltzen ez diren karbohidratoak, aldiz, glukogeno bihurtzen dira eta gibelean eta giharretan pilatzen dira; gorputzak behar baino glukogeno gehiago dagoenean, koipe bihurtzen da eta azalpean pilatzen da, gizentasuna eraginez.

Karbohidratoak landare-jatorrikoak dira, eta bi taldetan bana daitezke: almidoiak eta azukreak.

* Elikagai erregulatzaileak: Organismoak funtzionamendu zuzena izaten laguntzen duten elikagaiak dira.