Wikipedia, Entziklopedia askea

Lanaren merkatua edo lan-merkatua lan eskaintzaren eta eskaeraren arteko trukean oinarritutako sistema ekonomikoa da. Merkatu hitza erabiltzen da azken batean langileen ahalegina saldu egiten delako, beste edozein merkantzia saltzen den bezala, eta bi kasuetan, prezioa eskaintza-eskarien legearen araberakoa delako.

Oriako tailer mekaniko zahar bateko langileak

Lan egiteko prest dauden langileek egiten dute eskaintza eta, hortaz, beren denbora, jakintza eta gogoa eskaintzen dituzte lanpostua lortzeko. Eskaria, aldiz, enpresek edo erakundeek egiten dute, beren jarduerak burutzeko gai diren langileak bilatzean.

Merkatua merkatu denez gero, lana ordaindu egiten da soldata emanez: nagusiak dirua ematen dio langileari bere lanaren truke. Soldatak ere, noski, eskaintza-eskarien legean oinarritzen dira. Hortaz, zenbat eta jende gehiagok nahi duen lanpostu bat eta zenbat eta lanpostu gutxiago egon, orduan eta soldata txikiagoak eskaintzen dira; eta alderantziz, zenbat eta lanpostu gehiago eskaini eta zenbat eta jende gutxiago egon prest lan hori egiteko, hainbat handiagoak izan ohi dira soldatak.

Horri lotuta, zenbat eta handiagoak izan soldatak, orduan eta jende gehiago dago prest lan egiteko, baina soldata handia denez lanpostu gutxiago eskaintzen dira eta langile gutxiago kontratatzen dira; kontrako joera ageri da soldatak txikitu heinean.

Lan-merkatuan bere lan-indarra saldu nahi duenak bere gaitasunak nabarmendu behar izaten ditu lanpostua lortzeko: izan ere, lanpostu berbera nahi duten lehiakideak izaten ditu. Lanpostuaren arabera, egindako ikasketak, aurretiko lanetan lortutako eskarmentua, lan-ordutegiei egokitzeko aukera eta bestelako gaitasunak hartzen dira kontuan gehienbat.

Herrialde, hiri edo lurralde batean lana lortu ezinean baldin badabil lan egin lezakeen jende asko, langabezia dagoela esaten da. Langabezia gertatzen da lan egin nahi duten pertsonak (lan-eskaria) gehiago direlako eskaintzen diren lanpostuak (lan-eskaintza) baino, eta hori lanaren merkatuko lan-baldintzen eta soldaten araberakoa da.

Nolako garrantzia du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlazio zuzena dago lan-eskaintzaren eta ekonomia-jardueraren artean; hots, ekoizpena etengabe hazten bada soilik sortuko dira lan egiteko prest dagoen jende guztiarentzat adina lanpostu.

Bestela esanda, lanaren eskaria ondasun eta zerbitzuen eskariaren araberakoa da. Enpresa batek gehiago ekoitzi nahi badu, langile gehiago kontratu beharko ditu. Beraz, ekoizpena ez bada handitzen, ez da langile gehiagorik behar izango.

Horregatik garrantzitsua da lan-merkatua behar bezala zaintzea. Gaizki baldin badoa eta gobernuek ez badute lanaren merkatua hobetzeko neurririk hartzen, herrialdeko ekonomia-hazkundeari edo enplegu-mailari kalte egingo die.

Nortzuek hartzen dute parte lanaren merkatuan?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langileak: Enpresek funtzionatzeko behar dituzten pertsonak dira. Langileek lanaren merkatuan duten "balioa" beren gaitasunen, hezkuntzaren eta esperientziaren araberakoa da; hau da, langile batek zenbat eta gaitasun, hezkuntza eta esperientzia gehiago eduki, gustuko duen lan bat aurkitzeko aukera handiagoa izango du.

Enpresak: Enpresak langileei lana eman eta hauek lanerako erabiltzen dituzten erakundeak dira. Enpresek beren helburuak lortzen lagunduko duten langileak bilatzen dituzte, enpresa arrakastatsua izan dadin. Enpresa txikiak, familia-enpresak edo enpresa oso handiak izan, denek behar dituzte egin beharreko lanetarako aproposak diren langileak.

Gobernuak: Gobernuek ere garrantzi handia dute lanaren merkatuan. Gobernuek arau eta legeak ezartzen dituzte, lanaren merkatua bidezkoa dela ziurtatzeko.

Hezkuntza-erakundeak: Hezkuntza-erakundak eskolak, ikastolak, lanbide-hezkuntza ikastetxeak eta unibertsitateak dira. Hauek ikasleak prestatzen dituzte, etorkizunean egingo dituzten lanetan enpresek eskatuko dizkieten gaitasunak izateko. Erakunde hauek oso garrantzitsuak dira etorkizunean lana egingo duen jendea horretarako prest egongo dela ziurtatzeko.


Zerk eragiten du lanaren merkatuan?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. Prestakuntza eta gaitasunak: Langileen hezkuntza eta gaitasunak oso garrantzitsuak dira. Langileak zenbat eta prestatuago egon, orduan eta interes handiagoa izango dute enpresetako nagusiek haiek kontratatzeko. Gaur egun lan-mundua etengabe ari denez aldatzen, etengabeko prestakuntza ere garrantzitsua da.

2. Teknologia: Teknologiak lan egiteko dugun modua aldatu du. Automatizazioak eta digitalizazioak aukera berriak sortu dituzte, baina lanerako behar diren gaitasunak aldatu egin ditu.

3. Ekonomia: Ekonomiaren egoerak eragina du lanaren merkatuan. Egoera ekonomikoa ona ez denean, lan-aukera gutxiago daude; egoera ekonomikoa ona denean, ordea, enpresak handitu egin daitezke, eta horren ondorioz langile gehiago kontratatu beharko dituzte.

4. Globalizazioa: Lanaren merkatua ez da gure herrialdera bakarrik mugatzen. Globalizazioaren ondorioz, mundu-mailako lan-merkatuan parte hartu dezakegu; baina, aldi berean, honek esan nahi du munduko osoko langileekin lehiatu behar dugula.

Nola prestatu gaitezke lanaren merkaturako? Lehenik eta behin, bizitzan zer egin nahi dugun jakin behar dugu, zein diren gure helburuak eta gure gaitasunak. Honela, errazagoa izango da etorkizunean zer lanbidetan arituko garen erabakitzea.

Bestalde, gaur egun, ez da nahikoa hezkuntza-zentroetan jasotzen dugun heziketarekin; gaur egun, langileek etengabeko prestakuntza izan behar dute. Horrek esan nahi du etengabe egon behar dugula gauza berriak ikasten gure lana ondo egin ahal izateko, lanbideak ere etengabe ari baitira aldatzen.

Lanean hasi nahi duten gazteentzat, lan-praktikak, borondatezko lanak eta lanaldi partzialeko lanak esperientzia lortzeko modu onak dira. Honela, gure curriculuma (gure prestakuntza maila erakusten duen dokumentu-sorta) hobetzeaz gain, gure lanbideari buruz gauza asko ikasiko ditugu.

"Gaitasun bigunak" ere kontutan izan behar dira, komunikatzeko gaitasuna eta lankidetzan aritzen jakitea, adibidez. Enpresek gero eta gehiago hartzen dituzte kontuan gaitasun hauek.