Wikipedia, Entziklopedia askea

Laser

Kolore desberdineko laserrak.

Laserra instrumentu bat da, argi izpi boteretsu bat sor dezakeena. Laser hitza laburdura bat da, laser izpi bat nola sortzen den azaltzen duten ingelesezko hitz zientifiko batzuetatik datorrena: Light Amplification by the Stimulated Emission of Radiation (“Erradiazioen igorpen kitzikatuaren bidezko argi-anplifikazioa”).

Laserrak sortzeko beharrezkoak ziren ideiak 50eko hamarkadan garatu zituzten Estatu Batuetako eta Sobietar Batasuneko zientzialariek. 1960an sortu zuen lehenengo laserra zientzialari estatubatuar batek. Ordutik, zientzialariek laser mota asko sortu dituzte.

Zertarako erabiltzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikuntzako langileek eta zientzalariek distantziak neurtzeko erabiltzen dituzte laserrak. Era berean, laserraren argiak seinale telefonikoak eta distantzia luzeko bestelako informazioa igor ditzake. Informazio hori kable berezien bidez garraiatzen da; zuntz optikoa dute izena kable horiek.

Medikuek ere laser izpiak erabiltzen dituzte batzuetan, bisturien ordez ebakuntzak egiteko. Laser izpien energiak zauriak itxi ere egin ditzake, josi beharrik gabe.

CD disko trinkoak eta DVDak egiteko eta irakurtzeko erabili ohi da laserraren argia. Ordenagailuen inprimagailu mota batzuek ere erabiltzen dute laserra.

Nola funtzionatzen du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alde bietan ispiluak dituen tutu batek osatzen du laserra. Ispiluetako bat partzialki gardena da. Tutuaren barruan materialen bat edo beste egoten da: gasa, kristala edo likidoa.

Materialari energia gehitzen zaio lanpara indartsu baten edo bestelako energia-iturri baten bidez. Orduan, materialak argia sortzen du. Argiak alde batetik bestera errebotatzen du, tutuaren muturretako ispiluen artean. Horretan, tutuko materialak argi gehiago sortzea eragiten du. Partzialki gardena den ispilutik ateratzen da argi horren zati bat.  

Ateratzen den argia da laser-argia edo laser-izpia. Laser-argia ez da eguzki-argiaren ezta lanpara baten argiaren modukoa: argi zuria dira azken horiek; argiaren kolore guztien nahasketa du argi zuriak. Laser argiak, berriz, kolore bakarra du. Gainera, argi zuria zabaldu eta ahuldu egiten da bere iturritik aldendu ahala. Laser argia bere jatorritik lerro zuzenean mugitzen da. Horri esker mantentzen du bere indarra distantzia luzeetan.