Wikipedia, Entziklopedia askea

Lotura ioniko

Lotura ionikoa da oso elektronegatibotasun desberdineko tomoen arteko indar elektrostatikoa (atomo metalikoen eta ez-metalikoen artekoa). Horrek kristal ionikoen egitura erraldoia sortzen du. Hau gertatzen bada, atomo metalikoak atomo ez-metalikoari elektroi bat (edo bi, edo hiru) eman behar dio. Ondorioz, metala positiboki kargatuta geratzen da, eta katioia sortzen du. Ez-metala negatiboki kargatuta geratzen da, eta anioia sortzen du. Kontrako zeinua duten ioien arteko erakarpen-indarra indar elektrostatiko sendoa da. Zenbat eta handiagoa izan katioien eta anioien karga, orduan eta lotura ioniko indartsuagoa sortzen da. Prozesuan, normalean, hiru elektroi gehienez tartekatu daitezke.

Atomo metalikoa katioi positiboa bihurtzen da, elektroi bat edo gehiago galtzen duelako. Atomo ez-metalikoa anioi negatiboa bihurtzen da, elektroi bat edo gehiago irabazten duelako. Horren adibide argiena gatz arrunta da: NaCl. Lehenik eta behin, oxidatu osatu, eta sodio atomoak (Na) elektroi bat galtzen du, positiboki kargatutako sodio katioia (Na+) osatzeko. Ondoren, sodio atomoak utzitako elektroia hartuta, kloro atomoa (Cl) erreduzitzen da; eta negatiboki kargatutako kloro anioia (Cl) osatzen du. Ioi biek karga kontrajarria dutenez, esan bezala, bien artean sortzen duten erakarpen-indarra indar elektrostatiko sendoa da.

Lotura ionikoen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru dimentsioko egitura ionikoa kristal ioniko erraldoia da. Horretan, katioi bakoitza anioiz inguratzen da. Era berean, anioi bakoitza katioiz inguratzen da, eta sare tridimentsional handia sortzen da.

Konposatu ionikoak uretan disolbagarriak dira. Izan ere, ioien eta ur molekulen arteko erakarpena oso handia da. Erakarpen horren ondorioz, sarea apurtzean, nahikoa energia askatzen da, eta sistema egonkorragoa osatzen da.

Egoera solidoan ez dute elektrizitatea garraiatzen. Baina, egoera likidoan edo uretan disolbatuta, elektrizitatea garraiatzeko gai dira.

Lotura ionikoak lotura kobalenteak baino askoz ahulagoak dira.

Konposatu ionikoek urtze-puntua eta irakite-puntua altua dituzte, erakarpen-indar sendoaren eraginez. Hori dela eta, bero-energia handia behar da lotura horiek apurtzeko.

Normalean, solidoak dira giro-tenperaturan.