Wikipedia, Entziklopedia askea

Méridako erromatar antzokia

Eduki-taula

Méridako erromatar antzokia

Méridako erromatar antzokia antzinako erromatarrek K.a. 16 eta 15. urteak bitarte eraikitako antzoki bat da, orduko Augusta Emerita izeneko hirian, Lusitaniako probintzia erromatarrean. Antzokia oso egoera onean dago oraindik ere, eta Méridan dago, Badajozko probintzian (Espainia). Marko Agripa kontsulak agindu zuen haren eraikuntza Oktaviano enperadorearen agintaldian.

Antzinako Hispania erromatarreko eraikuntza handienetako bat izan zen, eta gaur egun Espainian dagoen erromatar arkitekturaren adibiderik garrantzitsuenetako bat da. Munduko antzoki erromatarren artean hobe kontserbatuenetako bat da.

Méridako Anfiteatroarekin batera, aisialdiko kulturarako egindako eraikin-multzo bat osatzen du. Gaur egun Méridako Arkeologia Multzoa osatzen dute, zeina Espainiako leku arkeologiko handienetako eta zabalenetako bat baita. UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen 1993an.

IV. mendeaz geroztik, antzokia erabiltzeari utzi zioten, eta kristautasuna ezarri ondoren guztiz abandonatu zuten, antzerki emanaldiak inmoraltzat jotzen baitziren. Denborak aurrera egin ahala, eraikuntzaren parte batzuk erori ziren eta beste batzuk lurrak estali zituen. XX. mendearen hasiera arte, soilik harmailetako goiko partea ikus zitekeen. 1910an antzokia estaltzen zuen lurra kentzen hasi ziren, eta 1962tik aurrera eszenatokia eta beste parte batzuk berreraiki zituzten.

Gaur egun antzerki klasikoko emanaldiak eskaintzen dira bertan, batez ere urtero udan egiten den Méridako Antzerki Klasikoko Jaialdian. Urtean 100.000 turista baino gehiagok bisitatzen dute erromatarrek egindako arkitektura-obra bikain hau.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzokiak 95 metroko diametroa du, eta erromatarren garaian 6.000 pertsona sartzen ziren. Eszenak estilo korintoarreko zutabez osatutako bi pisu ditu; orkestrak 30 metroko diametroa du, eta bertan kokatzen zen abesbatza antzinako antzerki-emanaldietan.

Harmailak mendixka baten hegalean eraiki zituzten, mendiaren aldapa naturala aprobetxatuz. Hainbat partetan zeuden banatuta, eta ikusleak maila sozialaren arabera esertzen ziren: lehenengo hiru ilaretan autoritate politiko, erlijioso eta militarrak esertzen ziren, eserlekuak marmolez estalita zeuden eta marmolezko pretil edo horma baxu baten bidez banatuta zeuden. Horien gainean, 23 harmaila zeuden aberatsentzat; eta goiko hamar ilaretan, herritar arruntak esertzen ziren.