Txikipedia:Makemake (planeta nanoa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Makemakeren irudi artistikoa

Makemake Eguzki-sistemako planeta nano bat da. Kuiper gerrikoa izeneko eremuan dago. Eremu hau Neptunoren orbita baino urrunago dago, eta izotzezko objektu eta planeta nano asko daude bertan.

2005ean aurkitu zuten Michael E. Brown, Chad Trujillo eta David Rabinowitzek, Estatu Batuetako Kaliforniako Palomar behatokian. "2005 FY9" behin-behineko izena izan zuen hasieran, 2008an izen eta sailkaketa ofizialak jaso zituen arte. Eguzki-sistemako laugarren planeta nanoa izan zen. Planeta nano honen izena, Makemake, Ozeano Bareko Rapa Nui uharteko (Pazko uhartea) jainko sortzaile baten izena da.

Non dago?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orbita eliptiko samarra du. Bere orbitaren gertueneko puntuan Eguzkitik 38 unitate astronomikotara (UA) egoten da, eta puntu urrunenean 53 UA-tara (UA bat Eguzkitik Lurrera dagoen batez besteko distantzia da). Lurretik Pluton baino oraindik ere urrutiago dago, baina ez Eris bezain urrun. Makemakeren orbita Eguzkitik batez beste 6.900 km-tara dago. Lurreko 306 urte behar ditu orbita bat osatzeko.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1.420 kilometro inguruko diametroa duenez, beste planeta nano batzuk baino txikiagoa da, Pluton eta Eris baino txikiagoa, adibidez. Gainazal gorrizta du, eta izoztutako metano eta etanoz dago osatua batez ere, horregatik da distiratsua. Makemakeren osaerak jakin-mina eragiten die zientzialariei, haren gainazaleko metanoa eta etanoa egoera fisikoz aldatu daitezkeelako eta egiten duen distira ere aldatu egiten delako batzuetan.