
Eguzki-sistema espazioan okupatzen dugun inguruari eman diogun izena da. Izar bat (Eguzkia), zortzi planeta, gutxienez bost planeta nano, ehunka ilargi eta beste hainbat objektu txikiagoz osatuta dago. Sistemako izarra sistemaren erdian dago eta gainontzeko objektu guztiak haren grabitatearen eraginpean daude, haren inguruan orbitatzen (jiraka). Zentzu zabalagoan, Eguzkiak espaziora bidaltzen dituen partikulen eraginpean dagoen espazio-eremu osoa da.
Eguzki-sistema Esne Bidea izeneko galaxian dago. Eguzki-sistemako izarrak, eguzkiak alegia, sistemaren masa guztiaren % 99,9 hartzen du. Horrek esan nahi du grabitate handia duela, eta, horregatik, gainerako objektuak bere inguruan orbitatzera erakartzen dituela.
Nola sortu zen?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguzki-sistemaren sorrera eta garapena orain dela 4.600 milioi urte hasi zen. Espazioan zegoen gas eta hautsezko hodei erraldoi bat bere grabitatepean kolapsatzen hasi zen. Gero eta azkarrago biratu ahala, material gehiena erdigunean kontzentratu zen gure Eguzkia osatzeko. Gainerako materiala Eguzkiaren inguruan disko lau bat osatuz hedatu zen eta, milioika urtetan zehar, partikula txikiek bat egin zuten gaur egun ikusten ditugun planetak, ilargiak eta asteroideak eratzeko.
Eguzkia eta bere energia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguzkia gure eguzki-sistemaren masa osoaren % 99,86 da. Bere nukleoaren sakonenean, Eguzkiak energia sortzen du hidrogenoa helioan fusionatuz. Energia hori Eguzkiaren gainazaleraino mugitzen da, eta, ondoren, espaziorantz hedatzen da argi eta bero gisa, eta, hala, zientzialariek heliosfera deitzen dutena sortzen da, gure eguzki-sistema osoa inguratzen duena.
Eguzkiak segundo bakoitzean 600 milioi tona hidrogeno 596 milioi tona heliotan bihurtzen du. Gainerako masa energian bilakatzen da, Einsteinen formula famatua erabilita: .
Eguzki-sistemako planetak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguzki-sistemak zortzi planeta ditu, eta Eguzkiaren inguruan orbitatzen dute, ibilbide espezifikoei jarraituz. Eguzkitik hurbilen dauden lau barne-planetak Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte dira; «Lurreko planeta» deritze, batez ere arrokaz osatuta daudelako. Kanpoko lau planetak Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno dira. Jupiter eta Saturno batez ere hidrogenoz eta helioz osatutako erraldoi gaseosoak dira; Urano eta Neptuno, berriz, erraldoi izoztuak dira, eta material izoztu gehiago dituzte, adibidez metanoa.
- Merkurio, jainkoen hegaldun mezularia zen (planeta azkar mugitzen dela dirudielako).
- Marte gerraren jainkoa zen (planeta gorria delako, odolaren kolorekoa).
- Jupiter, jainko guztien erregea zen (planetarik handiena delako).
- Saturno Jupiterren aita eta denboraren jainkoa zen (planetari zahar itxura ikusi zioten, poliki mugitzen baita).
- Urano zeruko jainkoa zen aspaldiko greziarrentzat (planeta urdin argia delako).
- Neptuno, azkenik, itsasoen jainkoa zen (urdin iluna delako).
Lurrak eta Martek baino ez dute orbitatzen Eguzkiaren eremu bizigarrian, hau da, planeta baten gainazalean ura egoera likidoan egon daitekeen eremuan. Eremu hori ez da beroegia, Artizarra bezala, ezta hotzegia ere, kanpoko planetak bezala. Lurra da ezagutzen dugun planeta bakarra ur hori egoera likidoan duena eta ezagutzen dugun bakarra bizia duena.
Eguzki-sistemaren masa ia guztia Eguzkian dago, eta gainontzekoaren gehiena Jupiterren eta Saturnon. Bien artean Eguzkia ez den masaren %90 dute.
Planeta nanoak eta objektu txikiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zortzi planeta nagusiez gain, Pluton, Zeres eta Eris bezalako planeta nanoak ditu Eguzki Sistemak. Objektu horiek zuzenean Eguzkiaren inguruan orbitatzen dute, baina euren orbitan badaude beste objektu batzuk ere, horregatik ez dira planeta. Milioika gorputz txikiago ere badaude, horien artean Marte eta Jupiterren artean dagoen asteroide gerrikoko asteroideak, Eguzki Sistemaren mugetatik datozen kometak eta hauts eta arroka espazialeko partikula kontaezinak.
Neptunoz haraindiko objektuak kontaezinak dira. Hainbat planeta nano egoteaz gain, han daude Kuiperren gerrikoa, kometa askoren sorlekua dena. Urrunago dago Oorten hodeia, Eguzki-sistema inguratzen duena hurrengo izar-sistemaren mugara arte.
Ilargiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gure eguzki-sistemako gorputz askok ilargi izeneko satelite naturalak dituzte inguruan orbitatzen dutenak. Lurrak ilargi bat du, Ilargia deitzen duguna, baina Jupiterrek dozenaka ditu, horien artean Ganimedes, berez Merkurio planeta baino handiagoa dena. Saturnoren ilargietako bat ere, Titan, Merkurio baino handiagoa da, eta bere atmosfera dentsoa du. Ilargi horietako batzuetan bizia egon daitekeela ere pentsatzen dute astronomoek.
Gure Eguzki-sistemaren etorkizuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hemendik 5.000 milioi urtera, Eguzkiak bere nukleoko hidrogenoa agortuko du eta hedatzen hasiko da izar erraldoi gorri bihurtu arte. Hori gertatzen denean, baliteke Merkurio eta Artizarra lurrundu eta Lurra bizitzeko moduan ez egotea, gure ozeanoak lurrunduko direla. Denboraren poderioz, Eguzkia nano zuri bihurtu arte uzkurtuko da, Lurraren antzeko tamainakoa, baina askoz dentsoagoa.