Txikipedia:Marizulo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Marizulo Urnietan dagoen kobazulo bat da, eta historiaurreko aztarnategia dauka. Marizulo baserriaren azpian dago, Goiburu auzoan, baserritik 20 metro hego-ekialderantz, eta Adarra-Mandoegi mendikatearen parte den Pardaki menditxoaren magalean.

1961ean Manuel Labordek topaturik, urte horretan bertan honen laginak aztertu ziren eta ondoren, 1962 eta 1967 artean Jose Migel Barandiaranek indusketa lanak zuzendu zituen. Mesolitiko eta Eneolitiko arteko aztarnak topatu zituzten.

Gaur egun egoera onean dago kontserbazio ona izan duelako. Hala ere, ezin da bisitatu. Koba honek bost metroko luzera du, bere sarrera nagusiak bi metro eta erdiko zabalera, eta hiru metro eta erdiko altuera ditu. Azken hori hego-ekialderantz kokatua dago. Sarrera honen alde bakoitzean beste bi sarrera txiki aurki ditzakegu, biak metro bateko zabalerakoak eta zuhaitzek eta arrokek oztopatzen dituztenak.