Teoria zinetikoa materiaren propietateak azaltzen dituen eredu bat da, oinarrian bi ideia dituena: batetik, materia partikula ugariz osatuta dagoela eta partikulen artean espazio huts bat dagoela; eta, bestetik, partikula horiek etengabe mugimenduan daudela, eta mugimendu hori azkarragoa izaten dela tenperatura igotzen denean, zenbat eta gehiago igo, are eta azkarragoa.
Materia osatzen duten partikula horiek portaera desberdina izaten dute materiaren egoeraren arabera.[1]
Solidoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egoera solidoan dagoen gorputz batean, partikulak oso gertu daude elkarrengandik eta indar handiz lotuta daude elkarrekiko; haien arteko kohesio-indarrak handiak dira eta, ondorioz, partikulek kokapen edo posizio finkoak dituzte. Partikula horiek leku finko batean kokatuta daude, eta bibratu egiten badute ere, ezin dira lekuz aldatu; tenperaturaren eraginez, dilatatu egiten dira, besterik ez. Beraz, solidoen bolumena konstante edo iraunkorra da, ez da aldatzen; ezin dira asko konprimitu, berez haien partikulak badaudelako elkarrengandik oso hurbil. Bestalde, beti kokapen finkoetan egonda, solidoek forma ere iraunkorra dute, partikulak ezin direlako lekuz aldatu.
Laburtuta, honako hauek dira solidoen ezaugarriak:
- Forma eta bolumen konstantea dute.
- Ezin dira konprimatu.
- Beroarekin dilatatu egiten dira
- Dentsitate handia dute, haien partikulak oso distantzia txikian kokatuta daudelako batzuk besteetatik.
Likidoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Likidoetan, partikulak elkarri lotuta, baina solidoak baino indar ahulagoaz, eta, horregatik, partikulak mugitu egin daitezke, baina elkarrengandik banatu gabe. Horregatik, solidoekin gertatzen den bezala, haien bolumena iraunkorra da, ezin dira konprimitu; baina, solidoak ez bezala, lekuz alda daitezke, eta, beraz, likidoen formak aldatu egiten dira eta likidoak gordetzen dituzten ontzien formetara moldatzen edo egokitzen dira. Tenperatura igotzen denean, likidoen partikulak azkarrago mugitze dira.
Laburtuta, honako hauek dira likidoen ezaugarriak:
- Bolumen konstantea dute, baina forma aldakorra.
- Ezin dira erraz konprimatu.
- Beroarekin ez dira apenas dilatatzen.
- Solidoek baino dentsitate txikiagoa dute, haien partikulak batzuk besteetatik apur bat banatuago daudelako.
Gasak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gasen kasuan, partikulak elkarrengandik urrun daude eta oso indar ahulez lotuta daude elkarrengana. Hori dela eta, elkarrengandik bananduta eta mugimenduan egoten dira, aske eta modu kaotikoan mugitzen dira; hori dela eta, gasen bolumena aldakorra da, eta gasak erraz konprimatu edo heda daitezke. ondorioz haien inguruan duten bolumen osoa okupatzen dute; hau da, gasak barruan gordetzen dituen ontziaren formara egokitzen dira.
Laburtuta, honako hauek dira gasen ezaugarriak:
- Bolumen eta forma aldakorra dute.
- Erraz konprimatzen dira.
- Erraz dilatatzen dira.
- Dentsitate txikia dute, haien partikulen arteko distantzia handia delako.