Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Meteoroide

Eduki-taula

Meteoroide baten puxka

Meteoroideak espazioan batetik bestera dabiltzan arroka edo metal zati txikiak dira, 50 metro baino gutxiagoko diametroa dutenak. Meteoroide txikienei (hautsaren neurrikoak direnei) mikrometeoroide edo hauts kosmiko deitzen zaie.

Baliteke noizbait beste astroren batekin talka egin zuten kometa eta asteroideen zatiak izatea. Batzuetan, planeten grabitateek erakarri egiten dituzte, eta haien atmosferetan sartzen dira. Kasu horretan meteoro deitzen zaie. Hori gertatzen denean, atmosferako airearekiko frikzioaren eraginez asko berotu eta, bero horren ondorioz, desintegratu egiten dira, guztiz edo partzialki, eta argi-lorratz edo arrasto labur bat uzten dute zeruan, gauez ikusi egin daitekeena. Argi distira hori sortzen dutenez, jende askok "izar uxoak" edo "izar iheskorrak" deitzen die meteoroei, baina ez dira izarrak, eta ezta kometak ere.

Kasu batzuetan, meteoro baten zatiek talka egin dezakete Lurreko lurrazalaren aurka. Kasu horietan, meteorito deitzen zaie.