Wikipedia, Entziklopedia askea

Mila gau eta bat gehiago

Mila gau eta bat gehiago arabiar jatorriko istorio eta ipuinen bilduma bat da, hainbat mendez mundu osoko irakurleak liluratu dituena. Orokorrean, elkarrekin lotura duten ipuinak dira, Xeherezade printzesak kontatuak Xahriar erregea liluratzeko. Kontakizunak amodioari, traizioari, azkartasunari eta justiziari buruzkoak izaten dira, eta sultanez, jeinuz eta abentura exotikoz beteriko mundu magiko batean gertatzen dira.

Xerezade eta sultana

Jatorria eta egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mila gau eta bat gehiago bildumak mundu islamiarrean du jatorria, istorio eta kondairetako batzuk beste kultura eta lurralde batzuetatik datozela uste den arren, Persiatik, Indiatik eta Egiptotik, besteak beste. Berez, bilduma hau ez zen liburu bakar bat, belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititutako ipuin multzo bat baizik. Istorio hauek lotzen dituen pertsonaia, denen erdigunean dagoena, Xeherezade printzesa da. Izan ere, ipuin-kontalari lanak egin behar izaten ditu bere bizitza eta beste emakumeen bizitzak salbatzeko.

Mila gau eta bat gehiago bildumaren egiturak "marko narratiboa" erabiltzen du teknika bezala: Xeherezade Xahriar erregeari gauez ipuinak kontatzen hasten da, haren emazte izateko hautatua izan ondoren. Egunsentian, ordea, eten egiten ditu kontakizunak, eta Xahriar ipuinaren amaiera jakiteko irrikaz uzten du. Estrategia honi esker, Xeherezadek exekutatua ez izatea lortzen du. Izan ere, erregeak aurreko emazte guztiak hil egin zituen, traizio batez jabetu ostean. Egitura baten barnean beste egitura bat egoteak jakin-mina eragiten duen giro bat sortzen du: Xeherezadek ipuin-marko ezberdinak sortzen ditu kontaketaren bidez, istorioa bizirik mantendu ahal izateko.

Gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mila gau eta bat gehiago bildumak hainbat gai lantzen ditu, eta haietako asko garrantzizkoak dira oraindik ere. Gai nagusienetako bat kontakizunek duten boterea eta ipuinek gure ikusmoldean, ulermenean eta jokabidean izan dezaketen eragina da. Xeherezade ipuinez baliatzen da ez soilik erregea entretenitzeko, baita hari gauza berriak ikasarazteko eta bizitza eta gizateria ikusteko duen modua aldatzeko ere.

Traizioa eta mendekua sarritan agertzen diren gaiak dira, askotan maitasunari buruzko istorioekin korapilatuta. Buru-azkartasuna ere gai nabarmena da, pertsonaia asko azkartasunaz eta iruzurraz baliatzen baitira egoera zailei irtenbidea aurkitzeko. Justizia ere beste gai garrantzitsu bat da, eta hainbat kontakizunek ahulek indartsuak garaitzeko izan ditzaketen modu burutsuak eta moraltasunak pertsonen erabakietan izan dezakeen eragina lantzen dituzte.

Pertsonaiak eta abenturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mila gau eta bat gehiago bilduman, irakurleak askotariko pertsonaiez beteriko mundu batean murgiltzen dira. Sultanak, jeinuak, arrantzaleak ala eskaleak izan, pertsonaia hauek hainbat gizarte-rol eta arketipo ordezkatzen dituzte. Pertsonaia ezagunenetako batzuk Aladin, Ali Baba eta Sinbad itsasgizona dira, eta haien abenturak ezagunak dira mundu osoan zehar.

Pertsonaia hauek bizitzen dituzten abenturetan, lurralde arrotzetara bidaiatzen dute, izaki magikoekin egiten dute topo eta ezinezkoak diruditen erronkak gainditzen dituzte. Abentura hauetan, pertsonaiek umiltasunari, ausardiari, leialtasunari eta jakinduriari buruzko irakaspenak jasotzen dituzte.

Bildumaren oihartzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mila gau eta bat gehiago bildumak eragin handia izan du mundu-literaturan eta herri-kulturan. Bertako istorioek hainbat eta hainbat moldaketa ezberdin izan dituzte: filmak, eleberriak, antzerkiak... Ipuin hauetako pertsonaia eta elementu magikoak mundu osoko kulturaren parte bilakatu dira.

Gainera, bildumak arabiar kultura eta, orokorrean, ekialdeko kultura nola ikusten dugun aldatu du. Kontakizunek hainbat ikuspuntu eta balio aurkezten dituzten arren, kritikak ere jaso dituzte generoari, botereari eta ekialdeko munduari lotutako gaiak aurkezteko duten moduagatik. Eztabaida hauek egonda ere, Mila gau eta bat gehiago ametsez eta ekialdeko jakinduriaz beteriko mundu bateranzko leiho liluragarri bat da gaur egun ere.