Wikipedia, Entziklopedia askea

Molekula

Jump to navigation Jump to search
Ur-molekula

Molekula bi atomok edo gehiagok osatzen duten egitura da. Molekularen barruko atomo horiek "lotura kimikoak" deitutako indar batzuen bidez daude elkarturik.

Elektrikoki neutroa da molekula.

Kimika deitzen den diziplina zientifikoak aztertzen ditu molekulen osaera gobernatzen duten arauak.

Molekulen hainbat errepresentazio erabiltzen dira molekulak eta haien forma (edo egitura) irudikatzeko; sinpleenak formula kimikoak dira: hauek sinbolo bana erabiltzen dute atomoak irudikatzeko.

Adibidez, hidrogenoaren sinboloa H da, eta oxigenoarena O. Horrela, ur-molekula oxigeno atomo batez eta bi hidrogeno atomoz osatua dagoenez, haren formula H2O da.

Lotura kobalentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Molekula egon dadin, atomoek elkarrekin egon behar dute. Hori gertatzen da bi atomoek elektroiak partekatzen dituztelako. Atomo batean egon beharrean, elektroia bi atomoen inguruan mugituko da. Horri lotura kobalentea deritzo. Batzuetan, elektroi bat baino gehiago dago partekatuta. Elektroi gehiago partekatzen direnean, lotura indartsuagoa lortzen dugu. Horrela, lotura kobalente bikoitza eta hirukoitza sor dezakegu.

Molekulak bi atomok bereizirik baino energia gutxiago duenez, egonkorragoa da; eta naturan egitura egonkorrek gehiago irauten dute.

Loturak hautsi ere egin daitezke. Lotura gehienak osatzeko energia beharrezkoa denez, lotura apurtzean ere energia askatzen dute. Baina lotura gehienek beroa behar dute apurtu baino lehen; hau da, molekula berotu egin behar da. Ondoren, atomoak mugitzen hasten dira, eta, gehiegizko mugimenduaren ondorioz, lotura haustu egiten dute. Bestalde, badaude molekulak hausten direnean osatzen direnean baino energia gutxiago behar dutenak; horiei erregaiak deritze. Esate baterako, metanoa, butanoa, kandela... Piztutako pospolo bat kandela bati hurbiltzen zaionean, denbora luzez erreko da. Pospoloak lehenbiziko lotura hausteko energia du. Lehenbiziko lotura apurtzean, energia gehiago askatzen da, eta beheko loturak energia horren bidez apurtu daitezke kandela erre arte.