Musika soinuekin egiten den arteari deitzen diogu; soinuak modu atseginean elkartzeko artea da, bai eta arte horren emaitza ere. Soinu horiek geure ahotsarekin eginak izan daitezke, kantatzen dugunean bezala; edo musika-tresnekin eginak ere izan daitezke. Musika-tresnak oso ugariak dira eta mota askotakoak daude: pianoa, gitarra, biolina, danborra, txistua, eta abar. Gaur egun, ordenagailuak ere erabiltzen dira musika egiteko. Gure gorputza bera ere erabil dezakegu musika sortzeko, txalo eginez, hatzak klaskatuz edo txistu eginez, esate baterako.
Musikak ahalmen handia dauka sentimenduak eta emozioak adierazteko eta entzuleari sentiarazteko, sentimendu alaiak eta tristeak, bai eta bestelakoak ere.
Musika hitza antzinako grezieratik dator, "mousike" hitzetik, eta bere jatorrian "Musen artea" esan nahi zuen. Musak, antzinako Greziako mitologian, arte eta zientzia batzuen jainkosa moduko batzuk ziren.
Musikaren historiari begiratzen badiogu, musika gizakia bera bezain zaharra dela esan genezake. Seguru aski, gizakiak egindako lehendabiziko musika naturan gertatzen diren soinu errepikatuak imitatzen saiatzean egingo zuen, harri edo enbor bat joz, edo ahotsa erabiliz. Arkeologoek, ordea, musika-tresna gutxiren arrastoak aurkitu dituzte; kontuan izan behar da ezinezkoa dela antzinako gizakiek material galkorrez egiten zituzten musika-tresnak aurkitzea, eta harriz edo hezurrez egindakoak izan daitezkeenen kasuan, berriz, ezin da seguru-seguru esan benetan musika-tresnak ziren ala ez.
Era berean, zaila da esatea zein den ezagutzen den lehen musika-tresna; izan ere, badira Paleolito aroko objektu batzuk musika egiteko erabiliak izan zitezkeenak, baina ez da segurua musika-tresnak diren ala bestelako tresna soilak. Adibidez, 1995ean, hezur bat aurkitu zen Eslovenian, zulo batzuk dituena, gaur egungo flauta batek bezala; baina zientzialariek ez dakite ziur bene-benetan flauta bat den ala ez.