Arkeologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Arkeologo batzuk Erromako foroan lanean.

Arkeologia bereziki antzinako zibilazioak ikertzen dituen zientzia da. Horretarako, gizakiek utzitako aztarnetan (tresna, arma, hezur eta abarretan) oinarritzen da. Normalean, objektu horiek lurpean egoten dira eta arkeologoek azalera ateratzen dituzte; lan horri indusketa deitzen zaio, eta objektuak aurkitu diren lekuari, aldiz, aztarnategia deritzo.

Zientzia honetan aritzen direnak arkeologoak dira. Euskal Herrian, bertako Historiaurrearen ezagutzan aitzindari izan ziren Telesforo Aranzadi, Jose Migel Barandiaran eta Enrique Eguren. "Hiru troglodita tristeak" ezizenaz ezagunak, 1916tik elkarrekin lanean aritu ziren, eta Europako arkeologia-lanetan ospe handia irabazi zuten.

Iraganean bizi izandako gizakien bizitza ezagutzea da arkeologiaren helburua. Lekuren batean aztarnategi bat egon daitekeela pentsatzen dutenean, arkeologoek poliki-poliki eta kontu handiz zulatzen dute lurra, hezurrak, arte-lanak, lanabes edo tresnak edo beste edozer gauza aurkitzeko.

   Ba al dakizuEmoji u2753.svg   
Historiako lehen arkeologoek XVIII. mendean lan egin zuten Ponpeia eta Herkulano izeneko hiri erromatarretan.

Aurkitzen dutena oso baliagarria izaten da aspaldi bizi izandakoen bizitza hobeto ezagutzeko, edo leku horretako historia ezagutzeko. Horregatik, arkeologoek objektu aurkituak aztertu egiten dituzte, jakiteko noiz egin ziren, zerez eginak dauden eta zertarako erabiltzen ziren. Arkeologoek hainbat modu dituzte jakiteko objektu bat noiz egina den. Modu horietako bat karbono-14a deitzen da: karbono 14a izaki bizidun guztietan aurkitzen den osagai kimiko bat da; izaki biziduna hiltzen denean, karbono-14aren kopurua gutxituz joaten da halako erritmo jakin batean. Horren bidez, arkeologoek zehaztasun handiz jakin dezakete noiz hil zen organismo hori.

Bestalde, arkeologoak objektuen jatorrizko kultura ezagutzen ere saiatzen dira. Adibidez, gezi-puntak, ezpatak, harri landuak edo bestelako objektuak aurkitzen dituztenean, objektu horiek erabiltzen zituzten pertsoneni buruzko datu asko jakin ditzakete.