Txikipedia:Nabarmendutako artikulua/2023/12

Wikipedia, Entziklopedia askea

Elektrizitatea edo argindarra naturan gertatzen den fenomeno fisiko bat da, materiarekin zerikusia duena. Ekaitzetan ikusten ditugun tximistak, adibidez, fenomeno elektrikoak dira. Bestalde, gizakiak elektrizitatetik energia sortzen eta kontrolatzen ikasi du; horri esker, argindarra pilatu edo gorde egin dezakegu, baterietan hain zuzen ere, bai eta leku batetik bestera garraiatu ere, kableak erabiliz. Modu honetan, gaur egun eguneroko bizitzan inguratzen gaituzten gauza askok eta askok funtzionatzen dute elektrizitateari esker: elektrizitatea erabiltzen dugu, esate baterako, etxeetan argia izateko, telebistak, ordenagailuak eta etxetresna elektrikoek funtzionatu ahal izateko, edota pila edo bateriak erabiltzen dituzten jostailuek eta bestelako gailu edo tresna guztiek funtzionatu ahal izateko.

Nola funtzionatzen du elektrizitateak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Materia guztiak halako karga elektrikoa dauka. Materia, izan ere, atomoz osatuta dago, eta indar elektrikoa da atomoak elkartuta egonarazten dituena; indar elektriko hori gabe, atomoak ezingo lirateke batu eta existitzen diren gauza guztiak gaseosoak izango lirateke.