Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gizakion migrazioari buruzko bideoa.

Migrazioa edo migrazio mugimendua, gizakion kasuan, norbait bere bizilekua atzean utzi eta beste herrialde batera bizitzera joatea da. Migrazio mugimenduak historia osoan zehar gertatu dira. Gizakia sortu zenetik, populazio-taldeak leku batetik bestera mugitu izan dira, janari gehiagoren bila, edo lur edo klima hobeago baten bila. Askotan, gainera, migrazio-mugimenduak gerren ondorioz ere gertatu dira.

Bizilekuz edo jaioterriz aldatzen dena pertsona bakarra izan daiteke edo pertsona multzo txiki bat (familia bat); baina historiako momentu askotan, migrazio masiboak ere gertatu izan dira. Adibidez, XIX. mende osoan eta XX. mendearen lehen erdira arte bereziki, emigrazio masiboa egon zen Europatik Ameriketara. Batez ere nekazariak eta lanik gabe zeuden edo bizimodu oso latza zuten industriako langileak migratu ziren, gehienak Alemania, Irlanda, Erresuma Batua, Herbehereak, Italia, Frantzia, Espainia eta Portugaletik.

Ezagutzen diren datuen arabera, 1820-1930 bitartean, europar migratzaile gehien jaso zituzten herrialdeak honako hauek izan ziren:

Migrazioa jaso zuten herrialdeak (1820-1930) Europar migratzaileak
Ameriketako Estatu Batuak 32,5 milioi
Argentina 6,5 milioi
Kanada 5 milioi
Brasil 4,3 milioi
Kuba 1,3 milioi


Gure garaiotara etorriz, azken hamarkadan ere asko handitu da hirugarren munduko herrialdeak utzi eta aukera berri baten bila herrialde aberatsetara abiatzen den pertsona kopurua.

Migrazio motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonen migrazio mota desberdinak daude. Denboraren, helmugaren eta izaeraren arabera, mota batekoak edo beste batekoak dira:

Denboraren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Behin-betikoak: migratzaileak jatorriko lekura, hau da sorlekura edo aurreko bizilekura, itzultzen ez direnean. Haien bizilekua atzean utzi eta beste leku batean bizitza berri bat hasten dute.
  • Aldi batekoak: denbora bat pasatu eta gero, migratzaileak bizilekura itzultzen direnean. Beraz, leku-aldaketa ez da bizitza osorako. Leku berrian denbora luzerako (urte bat edo gehiago) edo laburrerako (urte bat baino gutxiago) egon daitezke.

Helmugaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Barrukoak/nazionalak: herrialde baten barnealdean izaten diren mugimenduak dira. Hau da, bizilekua eta helmuga herrialde berean daude. Hori dela eta, egin beharreko bidaia ez da oso luzea izaten.
  • Kanpokoak/nazioartekoak: bizilekua eta helmuga herrialde desberdinetan daudenean. Hortaz, migratzaileek egin behar duten bidaia luzeagoa izaten da.

Izaeraren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Behartuak: bizilekuz aldatzearen arrazoiak desberdinak izan daitezke, baina leku-aldaketa ez da pertsonek erabakitzen dutelako. Izan ere, normalean atzean uzten duten bizitza, bizitza berria baino askoz txarragoa da.
  • Borondatezkoak: pertsonek erabakitzen dute bizilekuz aldatzea. Leku berrira joatearen arrazoia ez da premia larria izaten.

Migrazioen kausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kausa ekonomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikasi Otsorekin migrazioari buruz.

Bizilekuz aldatzearen arrazoiak ekonomikoak izan daitezke: bizimodua hobetzeko, pobreziatik ihes egiteko, lana lortzeko... Normalean, jendeak herrialde garatuetara migratzen du. Herrialde txiroetako pertsona asko pobrezia latzean bizi dira, eta bizirik iraun ahal izateko haien herrialdetik joan egiten dira.

Kausa politikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerraren edo jazarpenaren ondorioz. Gerran, borrokatzen ez den populazioaren parte bat ihes egiten saiatzen da eta beste herrialde batzuetan bilatzen du babesa. Kausa honen ondorioz migratzen duen pertsonari errefuxiatu deritzo.

Kausa naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kausa honen ondorioz migratzen duten giza taldeak haien herrialdean natura-hondamendiren bat (lehorteak, lurrikarak, sumendi erupzioak, tornadoak, tsunamiak, uholdeak) gertatu delako egiten dute. Izan ere, fenomeno natural horrek haien bizilekuan izan duen eragina suntsitzailea da.

Kausa familiarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migratzeko kausen artean ehuneko txikiena osatzen dute. Izenak esaten duen bezala, familiarekin lotuta dago. Normalean familiako kideren bat beste herrialde batera bizitzera joan denez, familiako gainerako kideak ere lekualdatzen dira.

Kausa soziokulturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriarekiko erakarpena. Biztanleria landa-eremuetatik hirietara edota alderantziz egiten diren mugimenduak izaten dira.

Migrazioaren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Emigratzaile gehienek gazteak izaten dira, lanerako eta ugaltzeko adina dutenak. Hori dela eta, haien jaioterrietan, zahartze prozesua sortzen da, adineko biztanleak geratzen direlako.
  • Emigratzen duten gehienak batez ere gizonezkoak izaten dira, eta ondorioz, sexuen arteko desoreka gertatzen da. Modu honetan, gizonezko migratzaileak hartzen dituzten tokietan, gizonezkoen ehunekoa handiagoa izaten da, eta sorlekuan, aldiz, emakumezkoena.
  • Gehienetan, landaguneetako migrazio handiak hartzen dituzten hiriak neurriz kanpo eta antolakuntza onik gabe hazten dira.