Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren mapa

Natura-erreserba edo erreserba ekologikoa ingurumenarentzat garrantzi berezia duen eremu bat da. Halako eremu edo ingurune bat natura erreserba babesteko orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, hala nola leku horren geomorfologia, biodibertsitatea, bertan galzoriko espezieak bizitzea, zerbitzu ekologiko garrantzitsuren bat eskaintzea...

Bestalde, erreserba ekologiko guztiek ez dute babes-maila bera. Haietako batzuetara sartzea guztiz debekatuta dago, beste batzuetara sartzeko baimen berezia behar da eta beste batzuetan jarduera jakin batzuk bakarrik daude debekatuta. Baliteke halaber jarduera batzuk urteko garai jakin batzuetan bakarrik egotea debekatuta, fauna edo flora bereziki zaurgarria delako momentu horietan.

Adibidez, Euskal Herriko natura-parkeetan kanpatzea debekatuta egoten da normalean, zaborrik ez sortzeko, animaliei trabarik ez egiteko, su arriskuagatik, eta abar.

Bestetik, ingurune babestuak erakunde batek edo bestek kudeatzen ditu. Erakunde desberdinek erabaki dezakete halako inguru jakin bat babestea. Beraz, natura-erreserba batzuk estatuaren ardurapean daude eta besteak autonomia-erkidegoen esku. Oro har, natura-erreserba bat babesten duen erakundea zenbat eta maila handiagokoa izan, orduan eta handiagoa da ekosistema horren garrantzia eta orduan eta kontu handiagoz babesten dute. Eremu batzuk "Gizateriaren ondare" izatera ere irits daitezke.

Europan bereziki garrantzitsua da Natura 2000 sarea, biodibertsitatearen kontserbaziorako Europako eremuen sare ekologiko bat. Kontserbazio bereziko eremuak (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremuak (HBBE) hartzen ditu bere baitan. 1992az geroztik dago martxan, eta lan handia egin du ingurumenaren kontserbazioaren alde.

Zergatik dira garrantzitsuak natura-erreserbak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Natura-erreserbek berebiziko garrantzia dute naturaren kontserbaziorako. Ingurumena babesteko beste hainbat tresna ere badauden arren, babes hauei esker eremu hauetako naturak kalte gutxiago jasaten ditu, eta kasu batzuetan babestuta egon aurretik baino hobeto eta guzti geratzen dira.

Kontserbazioaz eta fauna leheneratzeaz gain, natura-erreserbek beste funtzio asko ere badituzte: ekosistemak eta baliabide naturalak (hala nola ibaien ibilguak edo lurpeko urak) babesten dituzte, airearen kalitatea hobetzen dute eta etekin ekonomikoa sortzen dute, bereziki turismoaren alorrean.